Sagarrondo landareak prest
Beuntza Labaiendik Juan Gamio etortzen hasi da Ordiziako Azokara berriro ere, sagar zuhaitz desberdinekin, gero eta gabon seinale gehiago ageri direneko feriara.
Batzuen garaia joan da, besteena abiatu. Hala esan daiteke gure azokako postuetan erreparatuz. Ez du horrek esan nahi ikusten ez ditugunean lanean ari ez direnik, agerikoak ez diren beste hamaika zeregin ere badira lehen sektoreko hainbat alorretan. Esate baterako Idiazabalgo Naroa Irigoienek etortzeari utzi dio datorren udaberrira arte, Idiazabal izendapeneko Goiburu ardi gazta berriaren hasiko da orduan. Orain gazta egiten ari dira. Laster Azkoitiko J.M. Uzinek ere tomatea saltzeari utzi ia garaia joan delako negutegiak propio prestatuta izanda ere eta lurra prestatu eta berriak landatzen hasiko da.
Eta zuhaitzak landatzeko garaia badatorrenez, saltzaileak prest. Beuntza Labaiendik Ordiziara etortzen iaz hasi zen Juan Gamio Grazenea, Zubialde Patxakak sagarrondo mintegikoa. Oso baikor bukatu zuen denboraldia eta atzo berriz ere hor zen kokapen berrian, itxi berria den Etxeberria denda aurrean. Laburbilduz, bi ardatz aipatzen ditu bere eskaintzari buruz: «Sagar basatiak dira, hazitik sortutakoak eta bertakoak ez klonalak». Martxora arte hantxe bai bere horretan jateko hamaika sagar motekin eta baita sagardo sagarrak ere urtebi, gezamina, mozoloa, goikoetxea… Informazioa emateko prest ere bai. Izan ere, hitz jario egokian nabarmen du pasioz bizi duela lanbidea eta «esperientziak asko erakusten digu urtetik urtera eta natura ez da karratua, berarekin bat eginda bizi behar dugu, lanbide hauetan bereziki».
Hemengo lehen karduak
Edurne Jauregik ekarri du Irabiazpiko lehen kardu parea, berdea eta gorria. 3-4 euroan bakoitza, «6 bat hilabete lehenago lotu egiten ditugu eta azken 2-3 asteetan paper zakuan bildu, berez duten mikatz punttu hori goza dadin». Hara hor ere ikusten ez den beste lan bat.
Garaiko zenbat barazki eta frutaz gain, Gabonetako seinaleak ugaritzen ari dira, poinsetia landareak, jazintoak, izeiak, mihura eta erratz adarrak, gozoak: pasta, turroia, girlatxea… Datorren astekoa izango da goreneko eskaintza gabon bezperako azoka izango baita. Arkumearen prezioa ere 4,85 euroan kiloa bizirik pisatua.
Bestalde, zozketako irabazleak atzo: Esti Ibañez, Rafa Benitez, Maribi Lubreras eta Maite Aizpurua izan ziren.
Goizaneri zorionak
2015eko abenduaren 16an izan zuen lehen feria Ordiziako plazan Goizanek. Emakume baserritarraren omenez Jabier Arrieta zegamarrak egindako egur lan honek 5 urte bete zituen atzo.