EH Bilduk dio hamazazpi emakume prostituitzera behartzen zituen gaizkile sarea ez dela kasu isolatu bat
Arazoa sakonagoa dela diote eta aurre egitea denei dagokien ardura dela
Beasaingo EH Bilduk asteotan jazotako eraso matxista “ozen salatu” du eta Zubimusu plazan mobilizazioa antolatu du, 18:30ean. “Zoritxarrez, ez da kasu isolatu bat herrian eman dena. Prostituzio sareak ugarituz doaz, etengabe izurri ustel hau areagotuz”. “Sexuaren industria horrek ezingo luke biziraun egoera zaurgarrienean, langabezi tasa altuekin eta biziraupeneko ekonomia kinka larrian dauden emakumeekin trafikatzen duten sarerik gabe”, gaineratu dute.
Arazoa “askoz ere sakonagoa” dela azpimarratu dute. “Hau ez da emakume* pobre batzuen eta haiek esplotatzen dituzten gaizkile batzuen arazoa. Horrelako gertaerek argi erakusten digute, beste behin ere, sistema kapitalista, patriarkal eta matxista honek egunero, etengabe eta modu anitzetan emakumeok zigorrera kondenatzen gaituela”.
“Esklabutza” mota honen aurkako borroka gizarte osoari dagokiola-eta, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. “Emakumeen* aurkako bortxakeria mota guztiak desagertarazteko ordua heldu da. Irmoki, eraso, indarkeria eta bortxaketa mota guztiak gaitzetsi, emakumeok ahaldundu eta gure askatasuna berreskuratu behar dugu. Aski da”