Emakumeen aurkako erasoak salatzeko Bideluzen elkartuko dira
Itaia sareak elkarretaratzea antolatu du 18:30etan, Bideluze plazan, 'Indarkeria matxista orori aurre egin' lelopean.
Itaia sareak elkarretaratzea egingo du Bideluze plazan, 18:30etan, sexu esplotazioarekin amaitzeko eskatzeko. Aste honetan jakin da Polizia Nazionalak zortzi lagun atxilotu dituela hamazazpi emakume prostituitzera behartzeagatik, Beasainen tartean. Itaiak gertatutakoa “gogor salatu eta gaitzetsi” nahi du.”beharrezkoa dugu emakume langileon kontrako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta emakume langileok egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea”, diote.
“Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berretsi dute aste honetan gertatutakoek”, adierazi dute. “Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betetzen duen ideologia matxistak norma kultural bilakatzen du emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea. Kasu honetan, prostituziora behartuak izatea”. Pornografiak eta prostituzioak emakumeen gorputzen aurkako indarkeria normalizatzen dutela gaineratu dute.
Polizia operazioan askatutako hamazazpi emakumeak behartsuak ziren. Itaiaren ustez ez da kasualitatea, “bestelako aukerarik gabe, prostituzioa bezalako bortizkeria egoeretara kondenatuak” daudela salatzen baitute. “Gizonaren gailentasunerako egoera paregabea ematen da eta ondorioz, emakume langileon aurkako etengabeko erasoak gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz”.