Herriko ikasle talde batek elkarretaratzea deitu du «ikasgela duin baten alde»
Udalak ezin izango du zerbitzua eskaini aurten. Musika eskolaren egoitza zaharrean egokitu behar zuen gunea ez dago prest. Pandemia amaitzean, urte osoan irekitzeko asmoa dute
Legazpiko Ikasleak izenarekin sinatzen duen ikasle talde batek elkarretaratzea deitu du iganderako sare sozialen bidez. «Ikasgela duin bat» eskatu nahi dute. Elkarretaratzea 12:30ean izango da, udaletxe aurrean.
Udalak 2017aren amaieran martxan jarritako zerbitzua da ikasgela, ikasleek ikasteko gune bat. Bikuña jauregian egokitu zuen, eta ordutik, azterketa garaietan ireki da urtero.
Bitartean, udala gune egokiago bat prestatzen hasi zen Saturnino Tellerian musika eskolak izan zuen egoitzan, baina obrak egitean amiantoa aurkitu zuten eta horrek atzeratu egin du ikasgela berriaren irekiera. Horregatik, eta pandemiaren eraginez hartu beharreko neurriengatik, aurten zerbitzua ez du eskainiko. Ikasleekin batera irailetik hona izandako bileretan beste alternatiba batzuk aztertu arren, ez dute toki egokirik aztertu.
Pandemia amaitutakoan Saturnino Telleriako ikasgela urte osoan zehar irekitzeko asmoa duela aurreratu du udalak.
Ikasleen arrazoiak
Legazpiko Ikasleek Facebook-en zabaldu duten oharrean diotenez, «gaur-gaurkoz, ez dugu gure ikasketa beharrei erantzuten dien espazio egokirik», eta udalarentzat «ikasi edota azterketak prestatu ahal izateko leku bat izatea» premiazko zerbitzutzua ez dela salatu dute. Halaber, gaurko osasun egoerak hainbat baldintza ezartzen dituela onartu arren, beste herri batzuetan eta unibertsitateetan ikasgelak irekita daudela eta, «zergatik Legazpikoa ez?» galdetzen dute.
Ikasgelarena «aspaldiko kontua» dela diote, eta «udal liburutegiak gure ikasketa beharrei erantzuten ez dielako sortu zen». Saturnino Telleriako gune berria ez dela irekiko ikusita, egoera horri irtenbidea bilatzeko, udal ordezkariekin bilerak egin dituztela diote ikasleek, eta «libre egon daitezkeen beste espazio batzuen egokitzapena ere proposatu genuen: kiroldegiko gelaren bat, bandako lokala…», baita liburutegiko ordutegia zabaltzea eta kultur etxeko beste gelaren bat irekitzea ere. Baina erantzuna, «guk proposatutako leku asko ezin direla ikasgela bezala erabili» izan zen. Liburutegiaren ordutegia ezin zela zabaldu ere esan zieten.
Horren guztiaren aurrean, «borondate falta» egotzi diote udalari, «herrian badaudelako nahikoa baliabide, material eta espazio gure eskaria aurrera eraman ahal izateko», eta «ikasgela duin baten alde» elkarretaratzea deitu dute igandeko 12:30erako.