Igone Campos, Oskar Martin eta Xabier Zaldua sarituko ditu udalak
Ekitaldia gaur izango da, 12:00etan udaletxean. Zalduak euskal pentatloi txapelketa irabazi du, Camposek Munduko Kopan parte hartu du eta Martinek futbola utzi du
Zumarragako Udalak urteko kirolari onenak saritzen ditu urtero. Aurten Igone Campos mendiko eskiatzaile eta korrikalaria, Oskar Martin futbolaria eta Xabier Zaldua herri kirolaria sarituko ditu. Ekitaldia gaur izango da: 12:00etan udaletxean.
Camposek, mendiko eskian, bigarren postua lortu du Espainiako Kopan eta Euskadiko txapelketan eta Munduko Kopan parte hartu du. Andorrako proban lehiatu zen, Espainiako selekzioarekin, eta 18. postuan sailkatu zen.
Iaz Euskadiko txapelketa irabazi zuen eta Espainiako Kopan bigarren postuan sailkatu zen. Mendiko lasterketei dagokienez, iaz zazpigarren postuan sailkatu zen Mont Blanc-eko kilometro bertikalean.
Zumarragako Aduriz
Martinek aurten utzi du futbola, 36 urterekin. Urolan hasi zuen ibilbidea eta Bigarren B eta Hirugarren Mailako makina bat taldetan jokatu du. Baita Indonesian ere. Sestao Riverren hiru aro ezberdinetan jokatu du. 2018-2019 denboraldian, 35 urterekin, 18 gol sartu zituen. Martinek hamaika taldetan jokatu du: Urola, Beasain, Sestao, Osasuna B, Guijuelo, Alacant, Ontinyent, Mitra Kukar (Indonesia), Tudelano, Portugalete, Unionistas eta Calahorra.
Zalduari dagokionez, hirugarren aldiz irabazi du euskal pentatloi txapelketa. Irailean jokatu zen Azpeitiko zezen plazan eta epikoa izan zen.
Euria eta hotza medio, parte hartzaileek gorriak ikusi zituzten. Zalduak bere esperientzia eta sasoi ona baliatu zituen indarrak ondo neurtu eta nagusitasunez irabazteko. Hirugarren garaipen onekin, Zalduak Joxe Mari Olasagastiren marka berdindu du. Beste inork ez du txapela hiru aldiz jantzi.
Datorren urteari dagokionez, ekainaren 26an apustua jokatuko du Julen Gabirondorekin. Lehenbizi aizkoran 20 kanaerdiko eta ondoren, bi ordu bete arte, segan.