'Bateragune auzia' errepikatzeko erabakia salatu dute Goierriko herri ugaritan
Elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian herrietan, 'Demokrazia' leloarekin, ezker abertzaleko bost kideri Bateragune auziko epaiketa errepikatzeko Espainiak hartu duen erabakiaren aurka.
Ehunka goierritar atera dira herrietako plazetara gaur eguerdian, Bateragune auzia deritzon kasuaren epaiketa errepikatzeko erabakia salatzeko. Demokrazia zioen pankarten atzean, elkarretaratzeak egin dituzte 12:00etan eskualdeko herri ugaritan. Aste honetan, hautsak harrotu ditu Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak, Auzitegi Nazionalari agindu dionean Bateraguneko epaiketa errepikatzeko.
Neurri horrek sustrairik ez duela –lehen aldia da halakorik egiten dutena–, eta izaera bera –Batasuna alderdia berregitea leporatzen diote– salatu dituzte kontzentrazioetan. 2011n, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari kartzela zigorra eman zien Auzitegi Nazionalak. 2009an atxiloketak egin zituen Espainiak, poliziak “Bateragune” eratzea leporatuta. Bost auzipetuak kartzelatu zituzten.
2018ko azaroan, Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak epaiketa ez zela inpartziala esan ebatzi zuen. Baliogabetzat eman zuten.