Liburu azoka bizia Seguran
Atzo zabaldu ondoren, gaur larunbata goiz eta arratsalde egongo da zabalik euskal liburuen eta diskoen gunea, eta bihar goizez. 'Miñaripe' herriko jokoaren bila joan dira asko.
Goierriko euskal liburu eta disko azokaren barruan, Segurako guneak bizitasun handia izan du, gaur goizean. Ohi bezala, Botikaxarra etxearen behebarruan atondu dute azoka, mahai luzeetan azken nobedadeak eta berrargitalpen esanguratsuenak eskaintzeko.
Atzo arratsean zabaldu zuten Segurako liburu azoka. Gaur goiz eta arratsalde egongo da (arratsaldean 17:00etatik 20:30era), eta bihar 11:00etatik 14:00etara. Pandemiaren erruz, liburu eta disko aurkezpenak azoka egunetatik aurreratu behar izan dituzte aurten. Baina lehiaketa batzuetako sariak emateko baliatuko dute.
Herriko egutegirako argazki lehiaketako sariak eman zituzten, adibidez, atzo. Iker Zabalak jaso du lehendabiziko saria, ‘Ez dadila haria eten’ izenburudun argazkiarekin. Bigarren saria, Joseba Telleriak irabazi du, ‘Oztopoak gaindituz, etorkizunerantz’ lanarekin. Parte-hartzaile guztien artetik hamabiren argazkiak apartatu dituzte, 2021eko egutegia ilustratzeko. Segura, iragana, oraina eta etorkizuna zen aurtengo lehiaketarako gaia.
Bihar, berriz, Badakink lehiaketako sariak emango dituzte, 12:00etan.
‘Miñaripe’ jokoa, arrakasta
Gaur goizean, jendea etengabe ibili da Segurako liburu eta disko azokan, sartu-irtenean. “Normalean eguerdi aldera ibiltzen da jende gehiago, baina gaur goiz osoan sumatu dugu bixi dagoela”, zioen laguntzaile batek.
Dudarik gabe, aurtengo berritasuna eta segurarren artean irrika handiena piztu duena Miñaripe mahai-jokoa izan da. Gehien saltzen ari den produktua da. “Binaka eta hirunaka ari da jendea eramaten. Aurtengo Gabonetarako oparitarako bat hori izango da Seguran”. Gainontzean, liburu asko, eta Pirritx eta Porrotxen produktuak ere beti dira arrakasta ziurtatua.
Argazkiak: Aimar Maiz