Olentzerok Zerainen hartu ditu haurrak, bere habitat naturalean
Aizpeko meazulo batean jarri dute hitzordua Olentzerok eta Maridomingik haurrekin. 130 lagun joan zaizkio bisitan, kontuak esan eta gutunak ematera. Bihar goizean izango da beste aukera bat; beteta daude toki guztiak.
Olentzero eta Maridomingi hasiak dira Gabon gauerako lanak aurreratzen. Zerainen, lehenbiziko aldiz, haurrekin egoteko hitzordua prestatu dute. Aizpeko meategi eremuan, paraje ikusgarrian eta basoz inguratuta, etxean hartu ditu ikazkinak Goierriko haurrak.
Aizpitako museotik gora, mea-harria erretzeko labeen gainaldeko meazulo batean topatu dituzte umeek Olentzero eta Maridomingi. Patxada ederrean eserita, alboan baratzuri sorta zintzilika zutela, mendi barruraino sartzeko gonbita egin die berehala ikazkinak. Opari mordoa ere han zeuzkaten, meatzarien pikotxaren eta palaren alboan. Napo astoa, berriz, beherago lotuta.
Gaur eta bihar 10:00etatik 14:30era egongo da Olentzerorekin egoteko eta gutuna emateko aukera. Leku guztiak beteta daude, ordea. 130 lagun igaro dira gaur, 10 minutuko txandetan eta sei laguneko multzo txikietan. Familia ugari bertaratu dira, Goierri osokoak.
Aizpean Olentzerorekin egon ondoren, Zeraingo frontoian eskulanak egiteko eta mokadua jateko aukera izan dute haurrek eta familiek. Zeraingo herritarrek lagundu dute ekimenean, bai Aizpitan aparkalekuak antolatzen eta familiak Olentzeroren meazuloraino gidatzen, bai frontoian jarduerak egiten.
Argazkiak: Aimar Maiz