Bisita gidatuak eta ipuin kontaketak Zumalakarregi Museoan
Ormaiztegiko Udalaren laguntzarekin, heldu zein haurrei zuzendutako egitaraua prestatu du museoak Gabonetarako. 'Leopoldina Rosa: gaur egungo istorioa' erakusketa ikusteko azken eguna abenduaren 31 izango da.
Zumalakarregi Museoak helduei zein haurrei zuzendutako egitaraua osatu du Eguberrietarako, Ormaiztegiko Udalaren laguntzarekin. Alde batetik, ‘Leopoldina Rosa: gaur egungo istorioa’ aldi baterako erakusketa ikusteko komisarioarekin bisita gidatuak antolatu dituzte, abenduaren 23an eta 30ean, 12:00etan.
Bestetik, Museoa Familian programaren harira, euskarazko bi ipuin kontaketa saio egingo dituzte: lehenengoa, abenduaren 29an, ‘Sutondoko ipuin kutunak’ saioa eskainiko dute, 11:00etan; eta bigarrena, urtarrilaren 5ean, ‘Bartolo Potzolo, Batista Biribil eta Joxepa tronpeta’ ipuin kontaketa izango da, 11:00etan hori ere.
Bestalde, MusealiaK espazioari dagokionez, Mikelete jantzi osoa aurkeztuko dute. Bertan gorputz polizial horren inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute bisitariek.
Covid-19a dela eta, jardueretan parte hartzeko aldez aurre izena ematea derrigorrezkoa da, Zumalakarregi museora idatzita edo deituta. Asteartetik ostiralera eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta larunbat eta jai egunetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.