Erabilgarri dago Altamira atletismo pistako estalpea
Txindoki atletismo taldearen aspaldiko eskaera erantzunez, euria egiten duenean entrenatu ahal izateko eremua egokitu du Ordiziako Udalak.
Txindoki Atletismo taldearen aspaldiko eskaerari erantzuna eman dio Ordiziako Udalak, eta dagoeneko erabilgarri dago Altamirako atletismo pistako estalpea. Jon Ander Caballero Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak eman ditu xehetasunak: “Elkarlanaren emaitza izan da lanketa. Txindoki atletismo klubeko kideek hasieratik azaldu zuten euria egiten zuenean babesteko estalitako gune baten beharra. Guri ideia ona iruditu zitzaigun eta horregatik eraiki da estalkia”.
Altamirako pistaren kokapena eta forma aztertu ondoren, estalitako gunerako egokiena harmailetatik ateratzea zela ikusita, hala egin dute. Hala, 45 metroko eremu estalia eta 3 kale hartu ditu. Teilatua metakrilatozkoa da, argitasuna mantentzeko asmoarekin. Euriaz babestutako gunea izango da, baina entrenatzeko arazorik ekarriko ez duena herritar eta kirolarientzat.
Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat ere eraiki da pistako azken kalean, belar artifizialarekin. Honekin espazio gehiago gehitzen da korrikalariek euren entrenamendu osoak egin ahal izateko. Horrez gain, luzera jauziko egungo korridoreetako bat pisu gunetik beste leku batera aldatu da.