Gabonetako azoka berezirik ez da egingo Ordizian
Egungo egoeran azoka egiteko baldintzarik ez dagoela nabarmendu du Adur Ezenarro alkateak, eta espero du datorren urtean beste testuinguru batean ospatu ahal izatea.
Aurtengo urtean ez da Gabonetako azoka berezirik egingo Ordizian. “Bizi dugun egoerak ez du ahalbidetzen halakorik”, nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Urteko azken azoka, bereziena izaten da, eta jende asko hurbiltzen da Ordiziara egun horretan, Gabonetako erosketak egitera, dauden erakusketak ikustera, eta bertako artisauen lanak ezagutzera. 2020an egingo ez den arren, datorren urtean, testuinguru hobe batean, ospatzea espero dute.