'Piztu gabonak Ordizian' kanpainaren barruan sari ugari banatuko dituzte
Kanpainara batu diren establezimenduetan erosketak eginda parte har daiteke. Helburua da, herriko establezimendu txikiei babesa ematea.
Erosketak Ordizian egiteak saria izango du, Piztu gabonak Ordizian kanpainari esker. Ordiziako merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako turismo, merkataritza eta kontsumo sailak elkarlanean abiarazi dute kanpaina hau. Helburua da, tokiko denda txikiei babesa ematea.
Ekintza honek bezeroei ondorengo sarien zozketan parte hartzeko aukera emango die: 100euroko bost erosketa bale, 50euroko 10 erosketa bale, 6 gabonetako otar, haurren loteriaren bost dezimo, 20 mantal eta poltsa berrerabilgarrien sorta, eta 5 euroko 30 bale ostalaritzan gastatzeko. Sarien zenbatekoa 2.000 eurokoa da guztira.
Kanpainara batu diren establezimenduetan erosketak egiten dituztenek, sarien zozketan parte hartzeko zenbakidun boletoa jasoko dute. Abenduaren 30ean egingo da zozketa. Irabazleen zerrenda www.ordizia.eus webgunean argitaratuko da. Sarituek, urtarrilaren 5a baino lehen, ekimenarekin bat egin duten establezimenduetan gastatu beharko dituzte. Ostalaritzako baleek berriz, abenduaren 31ra arteko balioa dute. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek identifikazio kartel bat dute, #piztugabakordizian, #jantzigabonakordizian edo #egingabonakordizian leloarekin.
Ordizian elkarteko lehendakaria Ekain Mendizabalek, nabarmendu du, “une zail hauetan, merkataritza eta ostalaritza mantentzeko eta suspertzeko ekintzak antolatzen jarraituko” dutela. “Merkataritza txikia eta ostalaritza herriaren arima dira, gure bizimoduaren giltzarri, eta eredu ekonomiko jasangarria bultzatzea da”.
Ana Ajuria Ordizianeko juntakidearen hitzetan, “proposamen originala da, formatu handiek eta on-line merkataritzak ez bezala, beherapen iraunkorretan eraginik ez duena eta, era berean, data hauetan bezeroei erosketak egiteko orduan lagundu ahal izateko helburua betetzen duena, etorkizun hobearen aldeko apustua eginez, erosketa jasangarria eta hurbileko merkataritza sustatuz”.