Artolak hartu du aginte makila
"Emakumea naizen aldetik nire ukitua emango diot. Asko dugu egiteko", esan du Beasaingo lehendabiziko emakumezko alkateak. Kargua hartzerakoan oposizioari eskua luzatu dio eta esker oneko hitzak izan ditu alderdi kideentzat, Aldasororentzat eta etxekoentzat
Leire Artola Ugalde da Beasaingo alkatea. Aldeko hamar boto jaso ditu eta beste zazpi bozkak zurian izan dira. Jasotako babesa eskertu du eta udalbatzak txalo artean agurtu du. Halere, argi utzi nahi izan du aginte makila eskuz aldatu arren proiektuak bera izaten jarraitzen duela: “Ez da aldaketa, jarraipena baizik”, esan du karguari zin egin ostean emandako hitzaldian. “Proiektu hau 2011n hasi zen eta herriko eragileen eta elkarteen laguntzarekin egin du bere bidea. Baina erronkak ditugu oraindik betetzeko”.
Oposizioari mintzatu zaio ondoren, lankidetzarako prestutasuna adierazteko. Herritarrei ere hurbilekoa izango dela aurreratu die: “Udalean bost urte daramatzat eta beti saiatu naiz herritarrengandik gertu egoten. Hemendik aurrera ere herritarrek behar nautenerako eta behar nautenean hementxe edukiko naute”
EAJko kideentzat, udal gobernuko kideentzat, Aitor Aldasororentzat eta etxekoentzat esker oneko hitzak izan ditu. “Eskerrak eman nahiko nizkioke alderdiari, Aitorrek Legebiltzarrerako bidea hartu zuenean emandako konfiantzagatik; eskerrak, gure taldeari, proiektu hau taldean oinarrituta dagoelako. Talderik gabe hau ezingo litzateke aurrera eraman. Bakoitzak bere eginkizunekin denak gara ezinbestekoak proiektu honetan; eskerrak, familiari, senideei eta etxekoei, nola ez. Azken finean, nire udal eginkizunetan pasatzen ditudan orduetan ez nagoelako etxean; eta eskerrak, Aitorri. Bost urte luzez elkarrekin lanean egon gara, goiz goizetik hasi eta gaueraino. Momentu eta egitasmo asko partekatzeko aukera izan dugu. Berarengandik jasotako guzti horretatik ere asko ikasi dudalako, eskerrik asko”. Alkate berriak aita ere gogoan izan du, duela hilabete batzuk zendu zena. “Txikitatik, etxeko sukaldean, politikaz berarekin eta berarengatik jardun izan dugu. Bera ere gogora ekarri nahiko nuke”.
Lehen alkate emakumea
Artola frankismo osteko bederatzigarren alkatea da, lehen emakumezkoa. “Hala tokatu da”, esan du. Baina ohore bat dela ere esan du. “Zorionez, ez naiz azkena izango”, borobildu du. “Niri orain tokatzen zaidana da lanarekin erronka berri honi erantzukizunez erantzutea”. Lanerako garaian bere ukitua emango diola udalari ez du baztertu, “normala den bezala”. Berdintasunerako bidean urratsa eman dela esan duen arren asko dagoela egiteko azpimarratu du.