Beasaingo udaletxeko azpikontratatutako langileek ezin dute gehiago
Zaintzen enpresak ardura hartu zuenetik txarra zen egoera okertu egin dela salatzen dute. "Ate guztiak jo ondoren kalean protestatzea besterik ez zaigu geratzen"
Beasaingo udaletxearen azpikontratautako hamaihiru langileek bi orduko lanuztea egingo dute gaur, 18:00etatik 20:00etara, ELA sindikatuak deituta. Bi kontzentrazio ere egingo dituzte: bata goizean egin dute, azokan. Garbikuntza borrokan, esentzialak baina prekariak zion pankarta atera dute; bestea udaletxe parean egingo dute, osoko bilkuraren baitan, 18:30etatik aurrera. “Animatu guri babesa ematen”, eskatu dute.
Zaintzen enpresak nominak gaizki ordaintzen dizkietela eta zerbitzu orduetatik kanpo lan egitera behartzen dituztela kexu dira. “Protestan ari gara ezin dugulako gehiago”, diote. “Ate guztiak jo ondoren kalean protestatzea besterik ez zaigu geratzen”. Sei hilabetez, hilero erreklamazioak egin dituztela diote baina beti aitzakiekin erantzuten dietela. Alkatearekin biltzeko eskaera ere egin zutela aipatu dute baina oposizioko taldeek soilik hartu zituztela salatu dute. “Egoera honen arduraduntzat jotzen bait dugu aginduan dagoen talde munizipala ere. Gu udaletxeko langileak gara. Zerbitzua azpikontratatzea erabaki politiko bat izan da eta beraiek egiten ditugu gu pairatzen ari garen erantzule”. EH Bilduk protestekin bat egiteko deia egin du.
Txarretik, okerrera
Egoera lehen ere ez zela ona azpimarratu dute. “Argi dago sartzen diren enpresen helburua zein den: ahalik eta diru gehien irabazi langileen bizkar”. Enpresa ustiatzaileak aldatu arren egoerak bere horretan jarraitzen duela kexu dira. “Duela sei hilabete Zaintzen enpresa sartu zen gure zerbitzua explotatzera. Azpikontrataten sektorean ohikoak izaten dira enpresa aldaketak, udaletxeak ateratzen dituen konkurtsoetan subasta irabazten duenak lortzen du explotaziorako eskubidea”.