Goikoetxeak irabazi du Zapirain anaiak bertsopaper lehiaketa
Beasaindarrak 'Ordubiak eta laurden' bertso sorta aurkeztu zuen. Hitzordura agertzen ez zaion gazte maitemindu baten urduritasuna, kezka, barne-ahotsak, hausnarketak... jorratu ditu
Ekaitz Goikoetxeak Zapirain anaiak bertsopaper lehiaketa bereganatu du. Hirugarren aldia du, gazte mailan eta helduenean aurretik ere irabazitakoa zelako. “Kariño berezia diodan lehiaketa da niretzat”, aitortu du Goikoetxeak. “Azken urteetan propio lanik idatzi gabea nintzen harako, eta aurten banuen gogoa ahalegin berezia egin eta lehiatzeko moduko sorta bat ontzekoa. Eta hara, nire ez ezik apaimahaikideen gustuko ere izan dira jarritako bertsoak”.
Ordubiak eta laurden bertso sorta aurkeztu zuen. Hitzordura agertzen ez zaion gazte maitemindu baten urduritasuna, kezka, barne-ahotsak eta hausnarketak kontatu ditu. “Ikaragarri disfrutatu dut bertso-sorta hau idazten. Lerro bakoitietan unean-uneko ordua paratu dut, aldiro aurrera egiten duena, eta denboraren igaroa eta zain dagoenaren desesperazioa azaleratzen duena. Gainerako lerroetan, gogoetak, hausnarketak, barne-ahotsak biltzen saiatu naiz. Zerbait diferentea eta freskoa egin nahi nuen, jolastu eta ondo pasatu eta oso gustora nago oso gustora idatzitakoak jasotzen ari diren iritziekin”. Goikoetxea azken aldian jorragai izan dituen gai sozialetatik urrundu egin da Zapirain anaiak lehiaketarako.
Goikoetxeak urtean pare bat bertso sorta idazten ditu, nagusiki, uda partean. “Ikasturtean zehar eskolako zereginetan, ikasle eta gurasoei emana izaten naiz eta ez dut sormenerako tarterik hartzerik izaten”, dio. Halere, zer eta nola esana duen bitartean sortzen eta eragiten jarraitzeko gogotsu dagoela aipatu du.