Parkeen sarea modu parte hartzailean definitzeko prozesua abiatu du udalak
Tipi Gara kooperatibarekin batera garatuko da prozesua. Hiru fasetan egingo dute eta urte erdiko iraupena izango duela aurrikusi dute. Haurrei zuzendutako bi saio antolatu dituzte
Ordiziako parkeen sarea modu parte hartzailean definitzeko prozesua abiatu berri du udalak, Tipi Gara kooperatibarekin batera. Sarearen egitura orokorrari, parke bakoitzaren izaerari eta diseinurako irizpideei, eta sarearen barruan egongo diren parkeen arteko konexio eta ibilbideak kontuan hartuko dituen prozesua da. Diseinuak, herritarren behar eta desio anitzak izango ditu kontutan, eta osagarriak izango dira. Hiru fasetan garatuko da prozesua: diagnostikoa, parke sarearen izaeraren definizioa, eta parkeen diseinurako irizpideak zehaztu eta garatzea. Aurriekusi dute urte erdiko iraupena izango duela.
Ordiziako alkatea Adur Ezenarro «oso pozik» dago, batetik, «orokorrean, auzoz auzo egindako bileretan hainbat gurasok eta haurrek azaleratutako gabezi bati irtenbidea emateko prozesua martxan jartzeagatik», eta bestetik, «haurren begirada udaletik hartzen diren erabakietan txertatzen delako». Baina argitu du, haurrentzako bideratutako parkeak bakarrik ez direla izango, «belaunaldi ezberdinetako ordiziarren topalekuak bihurtuko ditugu».
Bi saio gaztetxoekin
Herriko gazteenen beharrak identifikatzeko, bi tailer antolatu dituzte, abenduaren 29rako. Lehen saioa, Jakintzan egingo dute, 11:00etan, eta 7 urtetik beherakoentzat izango da. Bigarrena, Urdanetan, 16:30ean, 7-12 urte bitartekoentzat.
Izena emateko, komunikazioa@ordizia.eus epostara idatzita, edo ikastetxeetan ere egin daiteke abenduaren 26a baino lehen.