«Barrua pizten didaten gauzek inspiratzen naute»
Marrazteko duen pasioak bultzatu zuen Saioa Arregi Arruabarrena (Ordizia, 1999) Arte Ederrak ikastera. Juanitak sormen taldeko kideekin batera '41 habitat eta gehiago' erakusketan parte hartzen ari da.
Arte Ederrak ikasten ari zara Leioan. Zerk bultzatuta?
Dagoeneko karrerako laugarren urtea egiten ari naiz. Betidanik gustatu izan zait pintatu eta marraztea, eta ikasketen bitartez hori indartu nahi nuen. DBHn nenbilenean konturatu nintzen hori zela gehien gustatzen zitzaidana, eta horren harira Beasaingo Txindoki institutuan batxilergo artistikoa egitea erabaki nuen. Adar hori aukeratu nuen nire helburua hori amaitutakoan zuzenean Arte Ederren gradua egitea zelako.
Aberasgarria izaten ari al da ?
Baietz esango nuke. Azkenean, denbora guztian aldatzen doan zerbait da, gaiak ezberdinak dira momenturo, eta horrek une oro inguruarekiko adi egotea eragiten dizu. Aberasgarria da, adi zauden horretan inguruko aspektu guztiak begiratzera bultzatzen zaituelako, denbora guztian aktibo egotera. Sormena beti piztuta edukitzeko modu oso ona da.
Esan daiteke orduan zure espezialitatea karrera barruan marrazketa dela?
Bai, batez ere hori delako urteetan zehar gehien landu dudana. Eroso sentitzen naiz marraztu eta pintatzen, eta egokien edo azkarren egiten dudana denez, hori da gehien lantzen dudana. Azken finean marrazketagatik hasi nintzen karreran.
Zerk inspiratzen zaitu?
Gertuko gauzek, egunerokotasunean gertatzen zaizkidan horiek. Inguruan gertatzen den guztiak eragina du gugan, horregatik egunerokotasun horretatik abiatzen naiz; normalean izan ohi da gertatu zaidan zerbait, hunkitu nauen zer edo zer, gustatu zaidan argazki bat… Baina batez ere barruan zerbait pizten didaten gauzak izan ohi dira.
‘Sustraiak’ izeneko Instagram kontu bat ere badaukazu. Zerk bultzatu zintuen kontu hori irekitzera?
Hasiera batean esango nuke nire espazio propioa edukitzeko ireki nuela, baina ez erakusteko zerbait bezala, baizik eta gustuko artistak eta erreferentziak bilatzeko espazio bat bezala. Ez nuen kontu hau nire kontu pertsonalarekin nahasterik nahi, izan ere, kontu pertsonalean dagoeneko informazio gehiegi daukagu denbora guztian. Arte mundurako espazio bat bezala ulertzen nuen kontu hau, erreferentzia eta inspirazio iturri azkar bat bezala.
Pixkanaka ‘Sustraiak’ ezagunagoa izaten hasi da jendearen artean. Zer da orain kontu horretan egiten duzuna?
Batez ere marrazkiak eta pinturak igotzen ditudan arren, orain argazki batzuk eta testuren bat edo beste igotzen ere hasi naiz; baina azkenean nahi dudan guztia publikatzeko espazio bat da, kontu pertsonala baino espazio askeago bat bezala sentitzen dut hau. Azkenean hasiera batean zena baino publikoagoa izaten amaitu du eta orain eskariren bat edo beste ere egiten dut. Hari bat sortuko balitz bezala izan zen. Nire lagun bati poltsa bat egin nion, gero lagun horri bere ikaskide batek berak ere horrelako bat nahi zuela esan zion eta horrela pixkanaka haria luzatuz joan da. Batez ere poltsak eta marrazkiak egin ohi ditut. Oraingoz jende ezaguna izan ohi da eskari hauek egiten dizkidatenak.
Juanitak izeneko sormen taldeko kidea zara. Zer da Juanitak ?
Lau neskaz osatutako talde artistiko bat dela esan daiteke. Taldeko bi kide ahizpak dira, eta horietatik bat nire ikaskidea da, eta laugarren kidea beste ahizparen ikaskidea; Uxue eta Maddi Guridik, Mariñe Jauregik eta nik osatzen dugu taldea. Mariñe batez ere ilustrazio eta paper mundutik doa, Uxue eta Maddi diseinutik eta ni arte mundutik. Mundu ezberdinak dira, baina taldelanean erdibide bat lortzen ari gara, laurok elkartu ahal izateko puntu bat, bakoitzak zeukan adierazteko behar hori modu kolektibo batean azaleratu ahal izateko.
Eta zergatik izen hori?
Pentsatu genuen oso garrantzitsua zela gure proiektuari izen bat jartzea, talde moduan irudikatuko gintuen izen bat. Horri buruz hitz egiten ari ginela, konturatu ginen taldeko laurok Juanita izeneko amona bat genuela, eta honen harira erabaki genuen gure helburua izango zela beraiek eduki ez duten ahots hori geurera ekarri eta bakoitzaren adierazteko beharra modu kolektibo batean azaleratzea.
Berexiartek sortutako erakusketa batean parte hartu duzue. Nor da Berexiart?
Uxue Bereziartua deitzen den Hernaniko artista bat da. Bera batez ere ilustrazio munduan sartuta dago; serigrafia eta handpoke teknika ere egiten ditu. Juanitak Instagram kontutik jarraitzen genion arren, gure harremana hasi zen Juanitetako bat bere etxera tatuatzera joan zenean.
’41 Habitat eta gehiago’ izena du erakusketak. Nola sortu zen ideia hau?
Berexiartek aurrez zeukan 41 Habitat izeneko erakusketa bat. 41 ilustrazio sortu zituen pertsona bakoitzaren ekosistemak adierazteko helburuarekin, horretarako landareak, gorputza eta beste hainbat elementu erabiliz. Berak sortuta zituen ilustrazio horiei gure ekosistemak gehitu nahi izan zizkion; jakin nahi zuen artista ezberdinak nola egokitzen ziren ekosistema horietara, eta nola sor zitezkeen beste ekosistema batzuk berak eginda zituen horietaz harago. Hori izan zen eman zigun oinarria, eta guztira hamar artista izan gara bere erakusketara batu garenak.
Zein izan da erakusketa honetan zuen ‘habitat’ kontzeptua?
Habitat kontzeptu horri buruzko lanketa bat egiten aritu ginen, eta proiektuan pentsatzen hasi ginenean erabaki genuen gure etxeko habitata kalera eraman behar genuela, orain kalean ezer ezin dela egin aprobetxatuta. Bilatzen genuena zen benetako habitat bat sortzea, gaur egun hainbat izakik bizi ahal izateko egin behar duten bezala.
Eta nola egin duzue hori?
Etxeko gauzak eramaten hasi ginenean, konturatu ginen habitata biltzen zuen oinarria eta leku guztietan zegoen elementua plastikoa zela, eta guk une honetan habitat propio bat sortu nahi izanez gero, beti egongo dela plastikoa tartean. Gure proiektua batez ere argazkiz osatuta dagoen arren, fanzine bat ere egin dugu, argazkiak laguntzen dituen testu batzuekin.