Murrizketek baldintzatu dituzte erosketak aurtengo Gabonetan
Salmentak asko jaitsi direla diote dendariek, gertuko erosle gehiago dabilen arren. Lan asko dute arraindegi eta harategiek; kanpoan jan ezin duena etxean jan nahi du jende askok
Herri batetik bestera mugitu ezina hasieran, eta ospakizunetarako mahakideen kopuruan ezarritako mugak gero, goierritarren eta euskal herritarren Gabonetako erosketak asko baldintzatu dituzte koronabirusaren ondorioz agintariek ezarri dituzten murrizketek.
Egoera berezi honetan, aurten inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du gertuko komertzioan erostearen aldeko mezuak. Eta dirudienez, mezua iritsi zaie erosleei. Inpresio hori jaso daiteke behintzat, Goierriko hainbat merkatarirekin hitz eginda.
Gabonetako ospakizunei begira jatekoa erosteko garaian, berriz, bezeroek ohi baino gehiago gastatzeko erakutsi duten prestasuna nabarmendu dute.
Opariak erosteko, herrian
Legazpiko Kiska emakumeen arropa eta osagarri dendako Garbiñe Egaña Gabonetako kanpaina bete-betean dago, baina «ez dago beste urteetan bezalako mugimendurik, badirudi jendeak ez duela erosteko gogorik». Aurtengo Gabonetan salmentek behera egin dutela dio Egañak, nahiz eta duela aste batzuk, herrian gehiago erosi zela sumatu zuen, «ez dakit herritik ezin zelako irten izan zen, ala jendea bertako komertzioaren alde kontzientziatzen hasi den». Orokorrean urte zaila izan da Ega- ñarentzat, «feriak ez dira egin, saltzaileak ere ez dira etorri, eta nik arazoak izan ditut erosteko garaian, eta ondorioz, saltzeko ere bai».
Zumarragako Mikel Lizarralde gizonezko arropa dendan ere nabaritu dute azken asteetan ohikoa ez den bezeroa hurbildu dela erostera, «herritik atera ezin zenean batez ere». Herriko dendariek eskaintzen duten «gertutasuna eta konfidantza» geroz eta gehiago bilatu eta estimatzen dela dio Lizarraldek. Hala ere, orokorrean, salmentetan «jaitsiera handia» izan dela nabarmendu du, «kaleko giroa asko jaitsi da, eta dendan ere jende gutxiago dabil». Beraz, aurtengo kanpaina desberdina da merkatari honentzat, baina gutxiago bada ere, opariak egiteko alkondarak, galtzak, gerrikoak, gorbatak edo lepokoak erostera hurbiltzen da jendea dendara.
Arrain eta haragi gehiago
Etxetik kanpo ospakizunak egiteko aukerarik ez izatea aitzakitzat hartuta, «arrain gehiago eta bereziagoa ari da erosten jendea», Idiazabalgo Arantzazu arraidengiko Arantzazu Imazek azaldu duenez. Lanean gelditu gabe ari dira, inoiz baino bezero gehiago dituzte eta asko saltzen ari dira, «kapritxo gehiago», azpimarratu du. «Beste urteetan legatza saldu da gehien, baina aurten bixigu, erreboilu eta lupia asko saldu dugu». Hori bai, leku askotan ohi baino mahakide gutxiago izanda, kantitate gutxiago eramaten dute. Mariskoarekin ere berdin gertatzen dela dio Imazek: «Ganbak, bolandeirak, zigalak, otarrainxkak, abakandoak, buiak, txangurruak…» asko saldu dituzte, baita txipiroiak ere aurreko egunetan.
Beasaingo Olano harategian, aldiz, ez dute halako igoerarik nabaritu salmentetan, ezta lan pilaketarik ere. Juan Manuel Olanok azaldu duenez, «bezeroak nahiko sakabanatuta datoz, eta asko, aurretik egindako enkarguak jasotzera». Azpizuna da, beti bezala, gehien saltzen dena, eta beste urteetan arkume osoak eramaten bazituzten, aurten zatika erosten ari dira, «etxean gutxiago izango direlako».













