Bertso saioa egin dute Legorretan
Legorretako Udalak antolatu dituen ekitaldien artean bertso saioa egin dute gaur arratsaldean
Legorretako Udalak ekintza ugari antolatu ditu datozen egunetarako Herri Antzokian. Gaurkoan bertso saioa egin dute eta bertan Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Odei Lopez eta German Urteaga aritu dira kantuan Imanol Artola, “Felix” gai jartzaile zutelarik. Herri Antzokiak 69 pertsonentzako edukiera duen arren, eserleku guztiak bete dituzte segurtasun neurriak errespetatuz.
Gaurko bertso saioaz gain, datozen egunetan ere ateak irekita izango ditu Legorretako Herri Antzokiak. Bihar “Sorry, we missed you” filma emango dute arratsaldeko 18:00etan, eta honen sarrera doan izango da. Abenduaren 29an ere film bat ikusteko aukera izango dute herritarrek, oraingo honetan “Johny English: De nuevo en acción” izenekoa. 12-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako filma da, eta honen sarrera ere doan izango da.
Eguberrietako ekintzekin jarraituz, urtarrilaren 2an “Erlauntza” filmaren bi saio eskainiko dituzte 3 euroren truke, lehenengoa 16:30etan eta bigarrena 18:30etan. Egitarauarekin amaitzeko, urtarrilaren 3an Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen musika emanaldia egongo da 18:30etan, 5€-tara.
Ekitaldi hauetara joan nahi dutenek, Balentin kioskoan edo 626641096 telefono zenbakira deituta eman beharko dute izena. Doan ez diren saioen ordainketak egunean bertan egin ahal izango dira kioskoan edo antzokian bertan.