Jesus Bujanda fusilatua omendu dute Olaberriko herritarrek
Jesus Bujanda 1936ko irailaren 8an fusilatu zuten Lizarrustin. Bertso, bideo, trikiti, kantu eta dantza artean jaso du omenaldia, Joxe Mari semea bertan zela
Udaletxe ondoan elkartu ziren Jesus Bujandaren senideak pasa den larunbatean 1936an fusilatu zutenari omenaldia egiteko asmoz. Bujanda Vianan (Nafarroa) jaio zen 1898an, baina CAF enpresan lanpostua lortu eta gero Beasainerako bidea hartu zuen. Olaberriko Maria Olaranekin ere ezkondu zen.
Lau sem- alaba izan zituzten: Joxe, Sara, Bixente eta Joxe Mari. Azken hau Olaberriko herriak larunbatean Bujandari egindako omenaldian egon zen gainontzeko senideekin batera.
CAFen langileen sindikalista zen Bujanda, eta ez zituen begiko faxisten ideiak. 1936ko gerra iritsi zenean, herriko abertzaleen bilera batean elkartu zen Jesus beste zenbait herritarrekin.
Egun hartan Jesusek berak sarrera debekatu zion gonbidatuta ez zegoen herritar bati, honek han hitz egindakoak entzun eta nonbait zabalduko zituenaren beldurrez.
Bujandatarren sufrimendua
Abuztuaren 8ko gau hartan bertan bileran sartzerik izan ez zuen bizilagunak Jesus seinalatu, eta CAFen lanean zebilela atxilotu egin zuten. Hurrengo goizean Ataunen Kaxetatik gora eraman eta bertan fusilatu zuten Bujanda. Bujandatarren sufrimendua ez zen hor amaitu, 1951n orduko alkateak herritik bota baitzuen familia.
Aretoa beteta
Olaberriko Olargi Memoria Taldeko kidea den Mari Jose Insaustik larunbateko omenaldian argi utzi nahi izan zuen, «aretoa beteta egotea, Olaberriak Bujandatarrei errekonozimendua zor zienaren seinale» garbia zela.
Senideei oparia
Bertso, bideo, trikiti, kantu eta dantza artean omendu zuten Jesus Bujanda Olaberriko herritar eta senideek. Bujandaren semea den Joxemarik aitaren oroitzapen gutxi dituen arren, ongi oroitzen du bere aitak egurrezko ziba nola jartzen zuen dantzan, eta eskutik eskura nola pasatzen zion. Hori berpiztu nahian, Carlos Irazu eskultoreak egurrezko eskultura bat egin zion familiari ziba eskutik eskura dantzan irudikatuz.