Jose Antonio Imaz, Beasaingo alkate ohia hil da
1983-87 urteen artean izan zen Beasaingo alkatea. 75 urte zituela hil da. Agurra familia girokoa izango da, egungo egoera dela eta.
2020. urteak Beasaingo bi alkate ohi eraman ditu: abuztuan hil zen Juanito Lasa, eta gaur, haren tokia hartu zuen Jose Antonio Imaz, 75 urte zituela.
Imaz Ataunen jaioa zen baina Beasainen ezkondu eta bertan bizi izan da. Imazek Juanito Lasaren (1979-83) lekukoa hartu zuen Beasaingo alkatetzan eta lau urte egin zituen alkatetzan, EAJ alderditik, 1983 eta 1987 urte artean. Beasaingo EAJko juntako lehendakaria ere izan zen eta Gipuzkoako EAJren herri batzarretako Beasaingo ordezkari ere bai.
Ingeniaritza tekniko ikasketak egin zituen eta bere promozioko notarik onenak lortu zituen. Ormaiztegiko Letagen lan egin zuen.
Aitor Aldasoro alkate ohiaren esanetan, “oso langilea eta pertsona bezala izugarria” zen Imaz. “Denoi erakutsi digu pertsona bezala nola jokatu. Adibide bat izan da lanean, politikoki bai, baina batez ere pertsona bezala. Lezioak eman dizkigu herria bera nola ulertu, egunerokoan nola lan egin, haren sistematikak, ordenak…”.
Bihar egingo diote azken agurra, baina egungo osasun egoera ikusita, senide eta lagun artean egingo dute.
EH Bilduren oharra
EH Bilduk ohar bidez doluminak bidali dizkie Imazen senitartekoei eta lagunei: “Iritzi politiko desberdinak alde batera utzita, Beasaingo EH Bildutik Beasainen egindako lana eskertzen diogu Jose Antonio Imazi. Une gogor hauetan bere senitarteko eta lagunei gure doluminak helarazi nahi dizkiegu.”