Digitalizazioa bizkorrarazi
Koronabirusak baldintzatutako urtean digitalizazioak urrats handiak eman ditu; bizkortu egin da eta gehiago bizkortuko da datozen hilabeteetan ere. Hala ere, denda fisikoetako esperientziak ez du parekorik.
Ohikoa bihurtu zaigu martxotik hona, telefonoan, sare sozialen bidez herriko denden, zerbitzuen, enpresen, tabernen edo jatetxeen informazioa jasotzea. Sare sozialak eta telefono mugikorra bihurtu ziren udaberriko itxialdirik gogorrenean, merkataritzaren eta ostalaritzaren erakusleihorik eraginkorrenak. Eta horiei esker, aurrera egiteko aukera izan dute enpresa askok. Digitalizaziorako urratsa bizkorrarazi du COVID-19aren izurriteak.
Ordiziako ACV Multimedian «inoiz baino lehen gehiagorekin» dabiltza, sektore desberdinetako enpresei digitalizazioaren mundu zabalean barneratzeko gomendioak ematen, eta bidea errazten. Izan ere, ACVko Joxean Telleriaren esanetan, «digitalizazioa bi-hiru urte aurreratu da, COVIDak bizkortu egin du» eta Telleriak argi du, «Amazon eta horrelako konpetentziari aurre egin nahi badiete», denda txikiak ere komertzio elektronikoan barneratu behar direla. «Hemengo dendek eta tabernek ezin dute konpetitu Amazonek dituen arau berdinekin, baina zerbitzua eskaini behar die herritarrei, betiko denda batean erosi dezaten. Askotan ez daukagu denborarik dendetara joateko, ordutegiak uztartzea ere zaila da eta Interneta erosoa da nahi denean erosketak egiteko eta etxeraino gauzak ekartzeko. Beraz,digitalizaziorik gabe ez dago etorkizunik». Telleriaren arabera, Bi-hiru edo bost urte aurreratu, baina gurpil horretan sartuta gaude eta ez da geratuko, eta igo egingo da.
Tresna eraginkorrak
Martxoaren 14an ia mundua gelditu zela zirudienean, Interneteko hainbat tresna eta baliabiderekin aurrera egitea lortu zuten enpresa askok. «Denbora gutxian eskaera asko izan genituen eta Shopify plataforma erabiltzea izan zen irtebidea, kalitate-prezio onena zuelako eta azkarrena zelako». Shopify-a da momentu honetan «komertzio elektronikoa egiteko dagoen munduko plataforma ezagunena. Boltsan aparra bezala igo da. Nola funtzionatzen du? Internetako enpresa horri hilabetero ordaintzen diozu 29 euroko kuota bat, Interneteko denda edukitzeagatik. Hau da, ez duzu diru kopuru handi bat gastatu beharrik hasieran, webgune bat egiteagatik. Bezero txikiekin horretan ari gara».
Sare sozialei dagokienean, Instagrama da erakusleiho onena eta plaza onena, «denok asko erabiltzen ari garen sare sozial bat da, puntu gorenean dago; eta bestetik, publizitatearen kostua ez da oso altua».
Whatsappez
Hala ere, Telleriak aurreratu duenez, oso epe motzean etorriko da iraultza ekarriko duen beste tresna bat: Whatsapp business, «Whatsappak denda, erosketa orgatxoa jarriko du, produktuak saltzeko aukera emango du». WhatsAppeko orgatxoen helburua bezeroentzako eta merkatarientzako erosketa prozesua erraztea da. Erabiltzen hasteko, nahi den negozioaren edo enpresaren txat-leihoan sartu besterik ez da egin behar. Gero, erosketa-ikonoan jo behar dugu produktuen katalogoan sartzeko. Bertan, gehien gustatzen zaizkigun itemak aztertu eta aukeratu ahal izango ditugu, eta gurditxora gehitu. «Txinako Whatsappari (WeChat) kopiatu diote. Txinan aspalditik egiten da Whatsappez guzti-guztia. Dendek hortik saltzen dute».
Internetez, baina bertakoa
Interneteko zurruobiloa etengabe bizkortuko denez, Goierriko merkatari txikiek ere bertan murgiltzeko beharra nabarmendu du Telleriak. «Alemanian gu baino azkarragoak dira eta Alemanian ikusi dute denden erdiak ez dituztela irekiko. Beraz, digitalizazioak ematen duen aukera da, salmenta fisikoki bakarrik ez ematea, Interneten ere tokia izatea. Amazon bezala komertzio elektroniko erraldoian erosi beharrean, bertako dendako txikiei erostea. Alemanian aztertzen ari dira Internetetik saltzen den pakete bakoitzeko zerga ba jartzea eta diru hori zuzenean merkatariei ematea, merkatari askoren itxiera saihesteko. Hona litzateke ideia hori hona ekartzea”.
Erakusleihoa sarean
Ordiziako Ness Boutique arropa dendako Esti Garcia udaberriko itxialdian Facebook eta Instagram gehiago erabiltzen. «Dena itxi zen bat-batean eta era batera edo bestera borrokatu beharra zegoen, ezin ginen ezer ere egin gabe geratu, jendearengana gerturatu beharra zegoen». Udaberriko itxialdian, sare sozialen bidez edo Whatsappez lan egiteko aukera izan zuen, besteak beste, bezeroei etxera aukeratzeko arropa eramanez edo bezeroak zehaztutako aurrekontuarekin aukera desberdinen argazkiak egin eta etxera eramanez. Azaroan herritik ateratzeko muga ezarri zenean, arropa bidalketa gehiago egiten ari da.
Erakusleiho onak dira sare sozialak, baina arropa dendan bertan erostearen «esperientziak» ez du parekorik Garciarentzat, eta denda fisikoen garrantzia azpimarratu du behin eta berriz. «Koloreak ikusi, testurak… probatu eta nola geratzen den ikusi…. Horrek ez du preziorik. Klik batek ezin du sentsazio hori sortu, online ezin da hori lortu. Amazon eta horrelakoen ezaugarria azkartasuna dela esaten da, baina azkarrena, dendan bertan erostea da, momentuan lor dezakezu nahi duzuna».
Hala ere garbi dauka egoera berrira egokitu beharra dagoela, «nahiz eta oso gustuko ez izan». Oraingoz webgunerik ez du baina «aztertzen ari naiz. Hala ere, segurasko ez dut saltzeko webgunea egingo, erakusleiho bezala baizik. Dendan egiten dudanaren berri emateko. Ideia hori da».