Errege egunerako opari bikaina
Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan arte tailerreko kideek egindako margolanak ikus daitezke. Erakusketa urtarrilaren 5a arte egongo da zabalik eta koadroetako batzuk salgai daude.
Errege egunerako zer oparitu ez dakienak, Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketa aretora joatea besterik ez du. Bertan, Urretxuko arte tailerreko ikasleek beraien lanak ikusgai eta salgai jarri dituzte. Erakusketa urtarrilaren 5a arte egongo da zabalik. Bihar eta etzi itxita egongo da. Juan de Lizarazu aretoa 17:30etik 20:30era irekitzen da.
Urretxuko arte tailerreko kideek Aizpurunea kultur etxeko hirugarren solairuan lan egiten dute. Bertan, margotzeko toki egokia dute. Gainera, Aitor Etxeberria irakaslearen laguntza dute.
Inaugurazio ekitaldia
Erakusketaren inaugurazioan Etxeberriak eta arte tailerreko hiru kidek parte hartu zuten: Maite Askasibarrek, Maria Amor Bravok eta Belen Carrerak. Erakusketan Begoña Pascual, Luisi Bravo, Marisa Maestro, Iker Rubial eta Maria Jesus Asurmendiren lanak ere ikus daitezke.
Inaugurazio ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak herriko margolarien lana goraipatu zuen eta herritarrak erakusketa bisitatzera animatu zituen. «Erakusketa berezia da, egileak herritarrak baitira. Urretxuar guztiak beraien bizilagunen lanez gozatzera gonbidatu nahi ditut», aipatu zuen.
Etxeberriak urretxuarrak margotzera eta erakusketa ikustera animatu zituen. «Erakusketan teknika ezberdinekin egindako lanak ikus daitezke. Aurten, gainera, margolanetako batzuk salgai daude».
Arte tailerra 1991n sortu zen. Hasieran, herriko margolariak Gainzuri ikastetxearen azpialdean elkartzen ziren. 1998an kultur etxera joan ziren. Askasibar beteranoetako bat da. Erakusketan bere lau lan ikus daitezke. «Mojekin eta Felix Vaquerizarekin ikasi nuen margotzen. Ondoren, urte batzuetan ez nuen margotu. Sortu zenetik, Urretxuko arte tailerreko kidea naiz. Ia egunero joaten naiz kultur etxera. Osasunak uzten didan bitartean, ez diot joateari utziko».
Arte tailerrean oso giro ona dutela dio. «Berogailua dugu, argiztapena oso ona da… Dena gure alde dugu. Gainera, gure arteko giroa oso ona da. Halako toki bat edukitzea pribilegio hutsa da: egunero joan gaitezke eta asteazkenetan Aitor Etxeberria etortzen da guri laguntzera, oraindik asko baitugu ikasteko».