Kontseilu Sozialista sortu da, antolakuntza komunistaren bidetik
Erakunde berria aurkeztu dute Goierrin, «sozialismoa eta Euskal Herriaren askatasuna» oinarri hartuta. Borroka molde ezberdinen batasuna bultzatuko du
Aurrez Euskal Herriko hainbat hiriburutan egin bezala, Goierri mailan ere aurkeztu dute Kontseilu Sozialista. Erakunde politiko berriaren proiektua «sozialismoaren eraikuntzak eta Euskal Herriaren askatasunak» de- finitzen duela azaldu dute sortzaileek. Mugimendu «intergenerazionala» izango da, eta «borroka eremu ezberdinen arteko batasuna» bultzatuko du.
Goierriko Kontseilu Sozialistaren esanetan, azken urtea markatu duen pandemiak «krisi kapitalistari bultzada berri bat» eman dio, eta «oinarrizko askatasun politiko eta zibilak oposiziorik gabe indargabetu» dituztela salatu dute. Eta horrek guztiak «pobrezian, askatasun faltan eta kontrol sozialean oinarritutako gizarte eredua» dakar.
Testuinguru horretan, langileria «babesik eta aurre egiteko gaitasunik gabe» dagoela diote, eta horri aurre egiteko «tresna bakarra antolakuntza komunista» dela. Bide horretan Goierriko Sare Sozialistak egindako lana azpimarratu dute. Jardunaldi, mobilizazio, hitzaldi eta eztabaidetan jasotako esperientzia baliatuz, «fase berri bat irekitzeko garaia dela ondorioztatu du, eta horregatik, bere ibilbidea amaitutzat» eman du.
Haren bidea jarraituko du erakunde berriak, eta «adin tarte anitzen eta borroka eremu ezberdinen arteko batasuna» bultzatzearen aldeko «apustu garbia» egingo du.