San Silvestre lasterketarik gabe amaituko da 2020. urtea
Kirol lehiaketarik ezin denez egin, lasterketa guztiak bertan behera gelditu dira, herrikoian zein internazionalak. Goierrin zazpi proba izaten dira
Goierritar askoren ohitura izaten da urtea korrika amaitzea baina aurtengoan ez da posible izango. Ez behintzat lehiatzen. Aisialdian nahi beste korrika egin daiteke, gehienez ere seiko taldeetan, baina ezin da lehiaketarik egin. San Silvestre probak bertan behera gelditu dira, ondorioz.
Goierrin zazpi lasterketa egiten dira urteko azken egunean. Beasaingoa da guztien artean beteranoena. Aurtengoak 47. edizioa izan beharko luke. Atzerriko atletak ere erakartzen ditu lasterketak, goi mailako atletak. Askok Ordiziako proban ere hartzen dute parte, arratsaldean izaten baita. Ordiziakoa izan ohi da probarik jendetsuena. Beasaingo lasterketa eguerdian izango litzateke, Lazkaoko eta Legorretako probak bezalaxe. Arratsaldean, Ordiziakoaz gain, Legazpiko lasterketa, Urretxukoa eta Zumarragakoa eta Zegamakoa izaten dira. Azken hau 2011n hasi ziren lehiatzen baina sona handia hartu du, Zegama-Aizkorri mendi maratoiko hiru dortsal zozkatzen baitituzte parte hartzaileen artean.
Haurren probarik ere ez
San Silvestreko proba nagusien aurretik haurrentzako lasterketak izan ohi dira baina hauek ere bertan behera gelditu dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak haurrei mugitzeko deia egin die. Kirol jarduerarik gabe eta opor garaia izanik sedentarismoa areagotzeko arriskua dago.