Ordizia eremu gorritik irten da bi hilabete eta erdiren ondoren
Azken bi asteetan 49 kasu atzeman dira eta intzidentzia tasa 491ra jaitsi da. Beasain besterik ez dago eremu gorrian herri handienen artean. Goierri eremu laranjan dago
Ordizia alarma gorritik laranjara igaro da. 100.000 biztanleko 491 gaixoko intzidentzia tasa du, azken hamalau egunetan 49 positibo atzeman baitira. Azken hiru hileko daturik onena da. Ondorioz, ia hamabi asteren ondoren, eremu laranjan sartu da herria.
Intzidentzia tasa egoeraren neurgailu bat da, funtsean. Ordizia, lau mailako larritasun neurgailu batean, egoera larrienetik bigarren larrienera igaro da. Egoera lasaia izateko intzidentzia 50 gaixotik beherakoa izan behar da. Halere, egoera hobetu denez, neurriak malgutu egingo dira eta ostalaritzak irekitzeko aukera izango du. Osasun Sailak gaur berretsi beharko du hori eta bihartik aurrera taberna barruan zein kanpoan kontsumitzeko aukera egongo da. Betiere, eremu gorrira itzultzen ez den bitartean.
Ostalariek irekitzeko beharra dutela aldarrikatu zuten atzo, azokaren inguruan egindako elkarretaratzean: «Lana egin nahi dugu. Hondoa jotzen ari gara». «Gastu berberak ditugu eta sarrerarik ez. Zorrak handitzen ari zaizkigu egunetik egunera», azaldu zuten. Eta gastuak tabernaren ingurukoak bakarrik ez direla azpimarratu zuten. «Ostalaritzako negozio asko familiakoak dira. Bertatik ateratzen dugu seme alaben ikasketak, oinarri oinarrizko gastuak, hilabeteroko fakturak… ordaintzeko dirua». Eusko Jarlaritzaren laguntzak ez direla iristen eta udalekoak txikiegiak direla salatu dute, nahiz eta udalarentzat esker oneko hitzak izan dituzten.
Eskualdeko egoera, hobera
Goierriko intzidentzia ere txikitzen ari da. Eremu laranjan dago, 415 gaixorekin. Azken bi asteetan 291 gaixo atzeman dira. Hain justu, hamalau egun ziren kopurua ez zela 300tik jaisten. Halaber, azken astean ez da inor hil Covid-19arekin eskualdean. Azken hiruhilekoko daturik onena da. Urtea 100 hildakoen langa gainditu gabe amaituko da, 93 heriotzekin.
Beasain besterik ez da gelditzen eremu gorrian herri nagusienen artean. 536 laguneko intzidentzia tasa du azken datuen arabera. Joera beherakorra du, azken astean ia 200 gaixotan txikitu da intzidentzia, baina eremu laranjara igarotzeko ez da nahikoa. Altzagan, Ataunen, Seguran, Zaldibian eta Zerainen ere 500tik gorako intzidentzia tasa dute.
Lazkaok eta Legazpik kontrako joera dute. Herri hauetan intzidentzia tasa hazten ari da eta bietan 400 lagunetik gora dago. Lazkaon, adibidez, atzo sei kasu agertu ziren, azken astean agertu diren kasuen %50a ia. Gainera, kasu horietako bat Lazkaoko Txindoki adinekoen egoitzan atzeman dute. Egoitzan agertu den lehen kasua da. Eskualdeko egoitzetan dagoen kasu aktibo bakarra ere bada.
Urretxu eta Zumarraga eremu horian daude, bi herrien intzidentzia tasa 200 gaixoen inguruan dagoelako.