Lazkao eremu gorrian sartu da
Gaur ostalaritza itxiko beharko du, haren osasun eremuko parte den Olaberriak bezala. Bost egunean 102 positibo kasu pilatu dira Goierrin. LABik ez du neurri berririk hartu
COVID-19 koronabirusak eragindako osasun krisiak beste mugarri bat jarri du Goierrin. Martxotik atzora arte, 4.001 goierritarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak harrezkero eman dituen datuen zenbaketa propioa eginda. Dezente izan dira azken bost egunetan (abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra) positibo eman duten goierritarrak: 102 denera.
Kasuen hiru laurdenak (71) Goierri beheko hiru herri jendetsuenetan atzeman ditu Osasun sailak: Beasainen 36, Ordizian 23 eta Lazkaon 12. Badago aldea Goierri garaiko herriekin erkatuz gero. Zumarragan 5 atzeman dituzte bost egunetan, Urretxun lau eta Legazpin 3, guztira 12.
Herri txikien artean, Ataunek du kopururik handiena, 6 positibo berrirekin. Olaberriak 4 izan ditu, Zaldibiak 3, Idiazabalek eta Zerainek bina, eta Itsasondok eta Zegaman bana. Gainontzeko herrietan ez da positiborik izan.
Ostalaritza ixteko agindua
Datuen gorakada horrek utzi du ondoriorik Goierrin. Atzo eguerdian argitaratu zuen Osasun sailak ostalaritzari jarraipena egiten dion ebazpena. Azken 15 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanleko herrien artean sartu da Lazkao (514,91), eta horrenbestez, eremu gorrira pasatuko da. Horren ondorioz, ostalaritza itxi beharko du gaurtik aurrera, eta gauza bera egin beharko du Olaberriak. Lazkaoko osasun eremuko parte da, eta hori da ixtearen argudio nagusia, baita duen intzidentzia tasa ere (654,31).
Lazkao eta Olaberria gehituta, Goierrin lau dira jatetxe eta tabernak itxita izango dituzten udalerriak. Ataunek Urteberri egunean ez zuen ireki (1.316,54), eta Beasaingo ostalaritza itxita dago Eguberrien aurretik. Beasain eta Lazkao dira eremu gorrian daude Goierriko bi herriak.
Urteberri egunean taberna eta jatetxeak zabaldu ahal zituzten hiru herriek (Ordizia, Zaldibia eta Segura) ostalaritzari zabalik eustea lortu dute. Ordizia Urtezahar egunean atera zen eremu gorritik, eta joan den ostiralaz geroztik irekita du ostalaritza. Atzoko baheketa gainditu du, eta eremu laranjan jarraitzen du 436,94 intzidentziarekin. Zaldibiak 723,75eko intzidentzia tasa du (Ordiziari lotua dago) eta Segurako intzidentziak nabarmen egin du behera (391,39). Ostegunean argitaratuko da ostalaritzari buruzko ebazpen berria.
Oraingoz neurri berririk ez
Iragarrita ez bazegoen ere, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABi) batzorde teknikoak pandemiaren egoera aztertzeko bilera egin zuen atzo eguerdian. Ikusmina piztu zuen, baina arratsaldeko lehen ordurako jakin zen ez zuela COVID-19aren hedapena murrizteko neurri berririk hartuko. Batzorde tekniko horrek egoera epidemiologikoaren bilakaeraren azterketa egin du bileran. Datorren ostiralean, hilaren 8an bilduko da atzera batzorde teknikoa, eta baita hurrengo astelehenean ere.