Legazpiko Udalak 11.226.825 euro izango ditu 2021eko ekitaldiari aurre egiteko
Zorpetzera jo behar izan du, kontuak koadratzeko; 893.000 eurokoa da zorra, %1,6koa. Pertsonak, proiektuak eta tokiko jarduera ekonomikoak izango dira 2021erako lan ildoak
Legazpiko Udalak 11.226.825 euroko aurrekontua izango du hasi berria den 2021eko udal kudeaketari aurre egiteko. Abenduaren 29an telematikoki egindako osoko bilkuran onartu zituzten udal kideek urte berrirako diru kontuak. EAJ eta PSE-EEren aldeko zazpi boto jaso zituen aurrekontu proposamenak, eta EH Bilduren eta Legazpiko Berdeak taldearen kontrako sei boto.
Aspaldiko partez, eta koronabirusak eragindako egoera ekonomikoaren ondorioz, zorpetzeari heldu behar izan dio udalak diru kontuak koadratzeko. Hain zuzen, zorpetzea 893.000 eurokoa da, aurrekontu osoaren %1,6koa.
Diru sarreren jaitsiera
Koldobike Olabide alkatea arduratu zen udal gobernu taldeak osatutako aurrekontu proposamena aurkezteaz. «Urtea zaila izan da, eta hilabete zailak ditugu aurretik, pandemiak baldintzatuta» esanez hasi zuen aurkezpena, eta ondoren, urte berrirako diru kontuen osaketan pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoak izan duen eragina azaldu zuen, diru sarreren jaitsiera ekarri baitu.
Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez iritsi behar zen dirua %20ko murriztuko zela jakin ondoren, eta beste sarrera batzuk faltako zirela kontuan hartuta, 2020erako Legazpiko Udalean 1.200.000 euro gutxiagoko diru sarrera aurrei- kusten zela aipatu zuen Olabidek. Egoera horren aurrean, neurri garrantzitsuak hartu behar izan zituzten, eta gastuak murriztu zituzten, baina aldi berean, arriskuan zeuden familiei lagundu, kaleak eta eraikuntza publikoak garbitu eta kaltetutako jarduera ekonomikoentzako diru laguntzak ezarri ere bai. «Talka neurri horiek eraginkorrak izan dira, 2020. urtea defizitik gabe amaitu delako».
2021eko aurrekontuak egiteko, bestalde, udaleko ogasun zerbitzuak egindako estimazioetatik abiatu zirela azaldu zuen. Diru sarrerak 10.300.000 eurokoak izango zirela zehaztu zuten, 2020rako aurreikusitakoa baino 850.000 euro gutxiago. Horren aurrean, diru sarreren jaitsiera horri aurre egiteko eta aurreikuistako inbertsioekin aurrera egin ahal izateko, Legazpiko Udalak zorpetzeari heldu behar izan diola azaldu zuen alkateak, 893.000 euroko zorpetzeari hain zuzen.
Aurrekontu osoaren %1,6ko zorpetze indizea suposatzen du kopuru horrek. Hori batuta, 11.226.825 euroan finkatuta geratu da 2021erako aurrekontua.
Aurrekontuaren banaketa
Zorpetzearen berri eman ondoren, aurrekontua nola banatu zuten azaldu zuen Olabidek: kopuru osoaren %41,2 Hiritartasuna atalak jasoko du, eta hamaika programatan banatuta, «herritarren bizi kalitatea hobetzera bideratutako zerbitzuak eskaintzeko» izango da. Beste %36,5 Lurraldea atalerako izango da, eta hori ere beste hamaika programatan jasota, «ingurune fisikoa zaintzeko» izango da. Azkenik, %22,3 Antolakuntza ataleko zazpi programetara bideratuko da, «udaletxe modernoa, aldaketari irekia, gertukoa eta proaktiboa nahi dugulako».
Pandemiaren eraginez 2021ean ere egoera ona izan ez arren, lan ildoak eta planak ez direla faltako aurreratu zuen Olabidek, eta hiru lehentasunen inguruan garatuko direla azaldu zuen: pertsonak, proiektuak eta tokiko jarduera ekonomikoak.