Antzerkiaren garaia da
Urtarrilaren 15ean hasiko da Antzerki Garaiaren 28. ekitaldia. 'Txanogorritxotik otso emera' antzezlanarekin irekiko dute aurtengoa. Ordizian eta Beasainen izango dira emanaldiak
Hastear da Antzerki Garaia. Egitarau bete-betearekin dator 28. ekitaldia. Zortzi emanaldiak Ordiziako Herri Antzokian eta Beasaingo Usurbe Antzokian izango dira urtarrilaren 15etik apirilaren 23ra, antzezlanak eta bakarrizketak tartean. Sei euskaraz dira, eta bi gazteleraz. Horietako lehena, datorren urtarrilaren 15ean izango da. Tentazioa Produkzioen Txanogorritxotik otso emera antzeztuko du Aitziber Garmendia aktore zaldibiarrak.
‘TXANOGORRITXOTIK OTSO EMERA (Sei mutil medio)’
«Ikuskizun hori, harreman afektiboei buruzko azterlanaren emaitza da. Maitasunaren patetismoa barrearen bitartez gainditzeko benetako eskuliburua. Eta, beraz… sexu guztietarako ikuskizuna! Izan ere, maitasunean denok gara patetikoak, eta maitasunaz gozatzeko modu bakarra, hau aplikatzea da: Barre egiten duen azkenak… denbora bikaina galdu du». Aitziber Garmendiak interpretatzen du Kepa Errastik euskarara moldatu duen Marta Gonzalez de Vegaren jatorrizko testu bikain eta barregarria. Zuzendaria Fernando Bernues da. Urtarrilaren 15ean, 19:00etan, BeasaingoUsurbe Antzokian.
‘MIS MEJORES HAZAÑAS’
Luis Zahare aktore galiziarrak bere alderdirik komikoena aurkeztuko du, bakarrizketalariarena, Mis mejores hazañas komedia-showarekin. «Arlo pertsonaleko eta profesionaleko pasadisoz beteriko ibilbidea, barrez lehertuko duena ikuslea. Bere bidaiez, lanez, maitasunaz, ea familiaz hitz egingo du show honetan, beti ere surrealismoaren ikuspegitik begiratuta, eta Zaheraren ikutu bereziarekin». Urtarrilaren 22an izango da hitzordua, Ordiziako Herri Antzokian, 19:00etan. Gazteleraz da.
‘KONPROMISOA’
«Tomas eta German lagunak dira betidanik. Tomas hiru-laugarren mailako egilea da eta German arrakasta handirik gabeko aktorea. Damianek arazo ekonomikoak ditu eta apartamendua saldu beharra du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Martini laguntza eskatu dio. Izan ere, bere idazlanak maila eskasekoak izan arren, zintzo plantak egiten ez du parekorik. Bere dohainik onena da. Eroslearekin tratua egiteko prest daude. Eroslea edo engainatuko duten inuzentea?». Txalo produkzioaken antzezlana hau Begoña Bilbaok zuzentzen du eta Zuhaitz Gurrutxaga, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirre dira aktoreak. Otsailaren 19an, 19:00ean, Ordiziako Herri Antzokian.
‘AMERIKETAKO BIDAIA’
«Bi nerabe euskaldun, Jone eta Maria, Estatu Batuetara etorri dira ikasturte osorako. Oso desberdinak dira, eta ez dira konpontzen. Jonek amerikarren bizimodua-ri buruzko iritzi ona dauka. Mariak yankiekiko aurreritzi asko ditu. Aireportuan daudelarik, Joneri bere ekipaia eta dokumentazioa lapurtuko diote. Poliziak latino inmigrante ilegaltzat jo eta atxilotuko dute.Hizkuntza arazoak eta aurreritzi razialak direla eta, egoera kafkiano bat jasango du». Miren Arrieta eta Nerea Mazo dira Patxo Telleriaren lan honen protagonista, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Otsailaren 26an da, Beasaingo Usurbe Antzokian, 19:00etan.
‘PORNO us AFRODITA’
«Soinu proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu dira ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango da zentzuen aurrean. Antzerkia, musika, barre algarak, mina, pasioa, haragia, odola uztartzen ditu, eta nola ez rock & rolla». Benetan Be-ren ekoizpen honetan, Patricia Urrutia, Ion Zumelaga eta Juanjo Otero izango dira oholtza gainean. Martxoaren 5ean izango da, Ordiziako Herri Antzokian, 19:00etan, euskaraz.
‘LA EXTRAÑA PAREJA’
«Flora Ugarte adin ertaineko emakumea da. Senarrak utzi egin du duela gutxi. Erabat jota eta nora joan izan gabe, bere buruaz beste egitea pentsatu du. Betiko lagunak konturatu dira depresioa jasaten ari dela eta, horietako batek, Olga Martinezek, bere etxean egoteko proposamena egin dio hobeto egon arte». Eguna eta gaua bezalakoak direla da arazo bakarra. Martxoaren 12an, Usurbe Antzokian, 19:00etan. Gazteleraz da.
‘GALTZAILEAK’
«Txalo konpainiaren Galtzaileak antzezlanaren protagonistak Manuel (Jon Plazaola) eta Sandra (Aitziber Garmendia) dira. Ia 40 urte dituzte eta ez dute gizarteak markatutako baldintzetako bat bera ere betetzen: ez dute seme-alabarik, ez dute bikoterik, ez dute etxebizitza bat erosteko aukerarik… Goibel antzean bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Izan ere, bizipozak ez du zerikusirik ondasun materialekin ezta gizarteak markatzen dituen baldintzekin ere». Goierri aktore bikote honek Euskal Herriko eta Espainiako hainbat antzokitan taularatu du obra da honakoa. Apirilaren 16an, Ordiziako Herri Antzokian, 19:00etan.
‘IRABAZI’
«‘Partehartzea da garrantzitsuena’, esaldi hori buruan sartu zigunak gezur galanta sinestarazi zigun. Gaur egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidekaitza da; ia edozertarako prest gaude ondoan dagoena zanpatu eta arratoi lasterketa honetan edonoren gainetik geratzeko gazta puxka mixerable baten truke. Jon Plazaolaren obra honetan, helburua irabaztea da. Irabazi ala hil». Apirilaren 23an izango da, Beasaingo Usurben, 19:00etan.