Berrogei urte lokatzadiko kirola loratzeko lanean
Angel Elortza Beitia ormaiztegiarra 1981ean hasi zen herriko ziklo-kros proban laguntzen. Duela 40 urte, beraz. Askoz urte gehiago ditu txirrindularitza lasterketa horrek, 1962an antolatu baitzuen Basotxulo elkarteak aurreneko aldiz. Bi etenalditatik bigarrena –eta luzeena– ezagutu du Elortzak, 1997tik 2003ra bitartekoa.
Ardurari berehala heldu zion Elortzak, 1984an probaren koordinatzaile modura aritu baitzen jada. Basotxulok 1970eko hamarraldian utzi zion antolakuntzari, eta Ormaiztegi Kirol Elkarte (OKE) sortu berriko kide bezala sartu ziren Elortza eta laguntzaile gehiago.
OKEko zuzendaritza 1989an utzi zuen, baita arduradun lana ere. Baina laguntzaile izateari sekula ez dio utzi. Askotan, argazki kamera aldean duela.
Etenaldia gainditzeko, eta ziklo-krosaren Ormaiztegiko hutsunea konpontzeko, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkartea sortu zuten milurteko berrian sartutakoan. 2004an hasi ziren ziklo-krosa berriz antolatzen, Angel Elortza koordinatzaile jarrita. Gaur arte.
Txirrindutza, afizio pribatu izatetik, herri ondarera igaro dute. Ziklo-krosaren Goierriko gotorleku eta Euskal Herriko oasi bihurtu dute Ormaiztegi.