Urteko lehenean elurtearen zantzuak
Espero zitekeena baino alaixeagoa joan da urteko lehen azoka, berezkoa ez duen egunean. Negu eguraldiak ez ditu denak izutu. Genero faltarik ez da izan, eta nobedadeak ere bai tartean.
Bukatu zen bezalatsuko eguraldiarekin hasi da urte berriko azoken martxa, hotza (1-3 gradu) eta bustia. Salmentei dagokionez, berriz, apalxeago, izan ere, urteko azken feriarekin gustura bai ziren ekoizle gehienak. «Aspaldiko onentxoena bai!», zioen Arantxa Zurutuzak. Atzokoak bazituen onena ez izateko hainbat aldagai, asteartea eta negu beteko eguraldia. Horrek bertaratzea ere zailtzen du. Bezeroak atzeratzeaz gain, etortzekoak ziren saltzaile batzuk ere, elurrak eragotzita, ezin izan zuten prest zuten salmahaiaren atzean izan. Hala nola, Errezilgo Joxe Antonio Aizpuru edo Aldaba Zaharreko Diana Matarranz.
Zirikolote kalabaza
Hala ere, genero faltarik ez, eta nobedadeak ere bai. Lehen
kale- aza hosto gorriak ekarri zituen Edurne Jauregi Baliarraingoak. Berez du barazki berriekin probak egiteko zaletasuna, eta aza hori da azken urteetan poliki-poliki gure plateretara sartzen ari denetako bat (sorta euroan).
Ondoan zirikilote izeneko kalabaza ere bai, 3,5 euroan kiloa. Anaia Koldok errezeta ere eman digu: «Hau erreximenta egiteko erabiltzen da. Zatiak egin, pipitak kendu eta bere horretan egosi. Ondoren bereizi azaletik eta mami horri azukre pixka bat bota. Ogian igurtzita oso goxoa gelditzen da». Tripaki edo gamuzak ere bazituen Arantxa Lopategik, 4 bat kilo (15 euro kiloa).
Neguko landare eta loreak
Neguan baratzeak tristeago ikusten badira ere, ez da aukera faltagatik izaten, gogorragoa da neguan baratzeko lana. Landareei errepasoa egiteko baliatu dugu urteko lehen azoka hau, zerrenda luzea osatuz. Ehuneko sorta hauek guztiak aukeran, 10 euroan: zerba edo azelga; espinaka; borraja; errefautxoa; erremolatxa; udaberriko aza eta aza kizkurra; apio edo perrexil hezea. Urteko tipula gorria ere hasi da (3,5 euro zientoa), eta prezio berean bitarteko porrua. Tipulin gorria eta zuria 3-3,5 euro zientoa; perrexila 0,10 eurotakoa; ilarra 0,20 euro takoa; brokolia eta azalorea 0,20 euro bakoitza; eskarola 8 euro zientoa; uraza 5 euro zientoa; haitz hostoa eta kukulua 6 euro zientoa; eta orburua 0,30 euro bakoitza.
Loreetan ere, oraintxe loratuak edo loratzeko zorian 10etik gora konta daitezke: Azalea, ziklamena, pentsamendua, biola, anthirrinium, kamelia, gardenia, Santa Teresa luma, primula… Eguraldi tristeari kolore alaia!