Astotxoen arrantzarik gabe
Ez asto erakusketa eta lehiaketa, ez kale antzezpen eta ez Santa Ana elizako irudi jartzerik. Astotxo festarik ez dute ospatuko lazkaotarrek igandean, birusaren eraginpetik ihes egin ezinik.
Urtea amaitu bezala hasi beharko da Lazkaon ere: ospakizun, festa eta jairik egin ezinik. COVID-19aren eragina larritu egin da 2021eko lehenbiziko astean. Abenduaren 29tik urtarrilaren 4ra, 22 koronabirus positibo kasu azaldu dira herrian, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 532 puntura igo da. Tabernak eta ostalaritza itxita daude, asteartetik.
Inguruabar horretan, festarako aukerarik eta aldarterik ez da. Datorren igandean, urtarrilak 10, izango zatekeen Astotxo festa, baina ez da ezer ospatuko. Eguberri garaia atzo agortu zen Lazkaon ere, horrenbestez.
Enkarterri astoen Gipuzkoako sailkatze, erakusketa eta lehiaketarik ez du antolatu Antsoategi kultur elkarteak. «Ezer ez dugu egingo. Hasieran, pentsatu genuen kale-buelta bat egitea, edo asto pare bat jartzea plazan, kolorea emateko. Baina ezingo da», azaldu du Egoitz Bergarak.
25. lehiaketa zatekeen
Urteurren borobila-edo zuen, gainera, asto lehiaketak: zilarrezkoa. «Pena handia eman digu aurten egin ezin izanak, zeren aurten 25 urte bete behar genituen, hasi ginenetik». Beste garai batera atzeratzea, ez zaie burutik pasa ere egin. Astotxo festari estu lotuta baitago astoa.
«Urte batean ez egiteak ez zait iruditzen eraginik utziko duenik. Antsoategirena ikusgarritasuna emateko egun bateko festa da, azken batean. Giasel astozale elkartea da euskal asto arraza mantentzeko urte guztian lan handia egiten aritzen direnak».
‘Egiptorako ihesik’ ere ez
Zawopi elkartekoek, beren aldetik, ezohiko patxada dute urte hasiera honetan. Egiptorako ihesa kale antzezpenik ez dute egingo. «Antzezpeneko giroa faltan sumatuko dugu. Ez igandean bakarrik, aurreko egun hauetan ere bai. Gauza askotan aritzen gara, eta orain lanean lepo arituko ginen. Data hauetan hain geldi egotea oso-oso arraroa da guretzat», azaldu du Asier Sukiak.
Aurtengoa «parentesi bat» izango da. «Hala enfokatu dugu. Osasun egoera bere onera etortzen denean, jarraituko dugu».
Festaren sorburua den Santa Ana moja-komentuan ere ez dute ospakizunik eta ohiko eskultura-irudien erakusketarik egingo. Iganderoko 10:00etako meza arrunta bakarrik izango da, Encarna Arratibel mojak esan duenez. Oblea gutxi batzuk ekarri ditu apaizak, eta agortu arte haietxek salduko dituzte.