Beharrak, gero eta gehiago
COVID-19ak baldintzatu duen 2020. urtean, goierritar gehiagok behar izan du Caritasen laguntza oinarrizko beharrak asetzeko. Beharrak areagotu egin dira.
Beharrak ez dira aldatu, beharrak areagotu egin dira. Lehen ikusten ez ziren egoera batzuk orain azalean geratu dira». Balorazio horixe egin du Caritaseko Ainhoa Etxabek COVID-19ak baldintzatutako 2020. urteari buruz. Caritasen laguntza jaso dutenen herritarren kopuruaren behin betiko datuak datozen asteeetan bilduko badituzte ere, goierritar gehiago izan dira Caritasera laguntza eske joan direnak, oinarrizko beharretarako laguntza eskatzera. «Beharrak lehen mailakoak dira: janaria eta sabaia; hau da, etxebizitza bat, logela bat… eduki arren, hori ordaintzeko adina baliabide ez daukatelako».
Etxe garbitzaileak, adinekoen zaintzaileak, saltzaileak, eraikuntzan dabiltzanak, «txapuza» egileak… «Orain arte, ezkutuko edo arautu gabeko lanetan zebiltzanak, gutxi gora-behera aurrera ateratzen ziren. Baina lehen itxialdi hartan lan horiek bertan behera geratu ziren eta orain bizi dugun egoerarekin ere bai. Jende hori etorri egin zaigu; lehen bere kasa aurrera ateratzen zenak, orain laguntza behar du, asko lanik gabe gelditu direlako». Kaleko saltzaileen kasua ere hor dago, «kaleak itxi egin dira, tabernak itxi egin dira… askoz ere mugimendu gutxiago dago. Orain arte, kalean salduz ateratzen zuten gutxiarekin gai ziren eguneroko horri erantzuteko, baina orain ez, hori dena moztu egin da».
Gainera Etxaberen esanetan, «jende asko dago, administrazioko sarbiderik ez daukana, bere egoera irregularrarengatik. Badago biztanle zati handi bat, ez dena existitzen administrazioarentzat, baina hor daude; haragizkoak dira eta Goierrin bizi dira, eta behar batzuk dauzkate. Jende hori dena ere etorri zaigu. Argitara azaltzen ari da hori dena».
Caritaseko zerbitzuen onuradunen perfilari dagokionean, denetik dago: «Familiak adin txikiko haurrekin, eta pertsona bakarrak ere badaude. Gure aitona-amonen zainketan daudenak emakumezkoak dira, emakumezko bakarra normalean. Baina kalean saltzen dabilena gizonezko gazte bakarra da. Denok ukitu gaitu honek. Bai familiari, eta bai norbanakoari, izan emakumezko edo gizonezko».
Caritasek ateak irekita izan ditu etengabe. Udaberriko itxialdirik gogorrenean telefonoz eman zuten arreta eta «legeak utzi zuenean presentziala egiten hasi ginen aurrez aurrekoarekin. Babes neurriak hartuta, gizarte osoak bezala».
Boluntarioak lehen lerroan
Caritasen «altxorra» diren boluntarioak «lehen lerroan» izan dira. «Boluntarioak hor daude, txapela kentzekoa da beraiek egiten dutena. Ez dute atzerapausorik eman egoera honetan ere, lehen lerroan egon dira harrera egiten. Zorionak eta eskerrak eman behar zaizkie dudarik gabe. Caritasen oinarria hori da, bestela ezingo genuke ematen dugun estaldurarik eman».
Arropari dagokionez, bildu eta banatzen ari dira Caritasen. «Momentu honetan jasotzen ari garen arropa, prebentzioagatik, berrogeialdian edukitzen dugu lehendabizi. Behar duenari ematen ere ari gara, beharra ere badago eta. Neguaren etorrerarekin gainera behar berriak sortzen dira: txamarrak, mantak…».
Caritasek zuzenean ez du elikagai bilketarik egiten, «janari banaketa Beasainen elkarte desberdinen artean antolatzen da, Caritasek ez du berea egiten. Aurten dohaintza bitartez egin da bilketa, osasun krisi honen ondorioz. Janari bilketen ordez bonu bilketak egin dira».
Dohaintzak, elkartasuna
Herritarren jarrera ere txalotzekoa izan da Etxaberen esanetan, dohaintzak egin dituztelako. «Ekimen pribatuak ere izan genituen udaberrian. Dendari txikiek, enpresek…. dohaintzak egin zituzten, batzuk dirutan, besteak espezietan. Elkartasuna nabaritu da». Hala ere, «egia da erlaxatu egin garela eta badirudi orain ez dagoela beharrik. Baina beharrak orduan bezainbestekoak, edo gehiago dira. Egia da momentu hartan gauza asko aktibatu zirela administraziotik eta leku askotatik, baina orain hori dena pixka bat geldixeago doa. Elkartasunak boom bat izan zuen hasieran, baina beharrak berdinak edo gehiago dira orain. Inork ez dakigu zer gertatuko den ABEE bat jaso duen langilearekin, adibidez».
Elizetan egiten dituzten diru bilketatik jasotzen duten dirua ere asko gutxitu da, edukiera mugagatik jende gutxiago joaten delako: «Urtean lautan egiten dugu diru bilketa elizetan Caritasentzako; baina jende gutxiago joaten da elizara eta jasotzen dena ere oso eskasa».
Gizarteari deia
Beraz, gizarteari dei egin die Caritasetik: «Ikusi dezagula egoerak jarraitu egiten duela, ez dela bukatu, beharrak ez zeudela martxoan edo apirilean bakarrik, orain ere badaudela. Osasun krisia bukatzen denean inork ez dakigula krisi ekonomikoa nola geldituko den. Bi gauzak elkarrekin doaz, baina akaso batek besteak baino gehiago iraungo digu eta hor familia asko daude, batzuk egoera larrian, eta besteak hortxe-hortxe».
Gabon hauetan, inoiz baino hurbilago kanpaina egiten ari da Caritas. «Hurbiltasuna ez denez metroetan neurtzen, keinuetan baizik», Gabon hauetan Caritasekin bat egiteko aukera dago, «gehien behar gaituztenen aldamenean egoten lagunduz». Horretarako dohaintzak Elizbarrutietako Caritasen edo caritas.es webgunean egin daitezke.
Proiektuak aurrera
2020a urte zaila izan bada ere, Caritasen proiektuek sendotzen jarraitzen dute. Baratzeena eta ehungintzakoa dira horietako bi proiektu. Ehungintzaren proiektuak urrats bat gehiago egin du 2020an aurrera, Zaldibian Ehunkide ehungintza tailer inklusiboa irekita: «Duela bi urte hasi genuen proiektu baten bigarren fasea da. Esklusio horretatik ateratzeko horrelako proiektuak behar- beharrezkoak dira, lan munduratze bat egoteko, gizarte honetan txertatzeko».