Genero nortasuna musika bidez
Asier Lopez Iraolak diru bilketa kanpaina bat abiatu du 'Horrela bizitzeko' seiko bildumaren laugarren alea argitaratzeko. Martxoaren 13an kontzertu bat grabatuko dute Arantzazun.
Asier Lopez Iraola Asier LI konpositore, musikari eta idazlea (Beasain, 1979) Horrela bizitzeko proiektuan murgilduta dabil iaztik. Seiko bilduma horretako laugarren alea (Euri lauso baten tanta finen) ekoizteko crowdfunding edo diru bilketa kanpaina bat abiatu du Verkami plataformaren bidez.
Egitasmo osoak, baina ale honek bereziki, sexu eta genero-nortasunaren inguruan egiten du hausnarketa. «Horretarako hainbat pentsalari feministen lanak ikertu eta hauen ideiak trinkotu ditut hainbat konposiziotan, bildumak duen narratibotasuna utzi gabe. Hala nola, Simone de Beauvoir, Judith Butler, Silvia Federici, Martha C. Nussbaum, Angela Davis, Monique Wittig eta beste hainbat».
Kontzertua Arantzazun
Kanpainan jasotako ekarpenei esker abesbatza eta organorako konposizioz osatutako bildumaren hurrengo alea grabatuko dute Arantzazuko Santutegian, martxoaren 13an. KEA ahots taldeak eta Ana Belen Garcia organo-jotzaileak interpretatuko dute konposizio hori, eta Fredi Pelaezek grabatuko dute zuzenekoa. «Euskaldunontzat Arantzazu elkargune eta sorgune izan da. Oraingoan ere, apalki, horrela izatea espero dugu. Ikuslea grabazioaren esperientziaren parte bilakatzea nahi dugu».
Kanpainari ekarpena egiten diotenek kontzerturako sarrera bat izango dute, eta bildumako ale guztien testuak modu sekuentziatuan biltzen dituen 80 orrialdeko liburua eskuratu ahal izango dute nahiz izanez gero.