Erreleboa eta agurra Legazpiko Gazteak klubeko pilota sailean
Elkartearen sorreratik lanean ibilitakoek gazteagoei utzi die lekua. Harrobikoak dira zuzendaritza talde berrikoak. Pilota kluba oso inplikatuta dago herriko bizitzan
Legazpiko Gazteak kirol elkarteko pilota sailean aldaketak izan dira urte amaieran, ia sorreratik zuzendaritza lanetan aritutako taldea agurtu eta batzorde berri batek hartu duelako erreleboa. Unai Olaizola, Jon Agirre, Juan Karlos Beitialarrangoitia Lizar, Jabi Beloki, Ramon Anduaga eta Kepa Retolaza dira 2007tik pilota sailaren ardura eraman dutenak.
Zuzendari talde berria Aimar Telleriak, Josu Ibargurenek, Ion Agirrek, Ander Perezek, Joseba Aierbek, Mikel Iraetak eta Ioritz Debak osatu dute. Guztiak klubaren harrobian hazitako pilotariak dira, eta erreleboaren berri emateko zabaldu duten oharraren arabera, «beraiek emango diote jarraipena denon artean errealitate egin den ametsari».
Eskola eta txapelketak
Legazpiko pilota kluba 2003an sortu zen, urte bete lehenago Gaztetxeak futbol taldea ateratzeko sortu zuen kirol elkartearen babesean eta herriko plazan pilotaleku berria egin behar zutela baliatuz. Inguruko herrietan pilotan ibiltzen ziren gazte batzuen ekimena izan zen.
Hasieran, jubenil eta senior mailako 10-bat pilotari batu ziren klubera, baina harrobia sortzeko premia ikusita, 2005ean pilota eskola jarri zuten martxan, 6-14 urteko haurrentzako. Eskolak arrakasta handia izan zuen, eta kluba martxan jarri zutenek zuzendaritza taldea indartu egin behar izan zuten 2007an.
Pilota klubaren lanari esker, kirol horrek toki esanguratsua hartu du Legazpin. Herriko Binakako txapelketa, gaztetxoentzako binakako eta banakako txapelketak eta afizionatu eta profesional mailako pilotarien partidak antolatu dituzte urte hauetan guztietan zehar. Pilotari federatuak, berriz, Euskal Herriko txapelketa ezberdinetan ibili dira. Lan horren guztiaren esker gisa, Olaria saria jaso zuen 2013an.
Legazpiko Gazteak klubeko pilota saila, azkenik, herriko bizitzan murgilduta dago eta, besteak beste, Kirola Elkarrekin jardunaldian, sukaldari lehiaketetan, Euskaraldian eta Korrikan parte hartu izan du.
Futbola, beste atal bat
Legazpiko Gazteak ez da pilota bakarrik, baita futbola ere. Bere futbol taldeababesteko sortu zuen Gaztetxeak 2002an. Hura desegin zen, baina herrikoagendan ezinbesteko bihurtu den futbol-7 txapelketa antolatzen du urtero.
Gaztetxearen inguruan sortu zen kirol elkarteak futbolean du jatorria. 2002an sortu zen kluba, Ilintxan lekurik ez zuten jokalari batzuez osatutako futbol taldea babesteko.
Legazpiko Gaztetxea izena hartu zuen taldeak, eta 2002-2003 denboraldian debutatu zuen, Erregionaleko bigarren mailan. Bi denboraldi igarotakoan, 2004-2005ean, mailaz igo zen taldea, baina erronka gogorra egin zitzaien legazpiarrei eta sailkapeneko azkenak bukatu zuten. Harekin amaitu zen Legazpiko Gaztetxea taldearen ibilbidea. Atzean, 500eraino iritsi zen bazkide zerrenda, Bikuñako derbi zirraragarriak eta futbol giro ahaztezina utzi zituen.
Futbol 7 txapelketa
Futbol giro hura baliatuz, Legazpiko Gazteak elkarteak pauso berri bat eman zuen 2008an, eta Futbol 7 Txapelketa Herrikoia antolatu zuen. Lehen edizio hartan 20 taldek hartu zuten parte, eta harrezkero, iazko urte berezia alde batera utzita, urtero egin ohi izan da uda hasieran. Neskek eta mutilek hartzen dute parte, 400 inguru gaztek, eta finalaren eguna festa eguna bihurtu da Legazpin. Txapelketako azken partidak goizean jokatzen dira Bikuñan, eta ondoren bazkari herrikoia egiten dute partaide guztiek Azokan. Futbol zelaian giro ona izaten bada, are gehiago bazkalondoan.