Hiru goierritar EITBk igandean estreinatuko duen Baserria lehiaketan
Baserritarrak eta kaletarrak bikoteka elkartu eta lehian arituko dira baserriko lanak egiten onenak zeintzuk diren erabakitzeko. Klaudio Landak aurkeztuko du Euskal Telebistaren reallity berria.
Legazpiko Luis Ibarguren, Segurako Joxe Etxezarreta eta Ordiziako Xabier Orbegozo izango dira igandean Euskal Telebistako lehen kateak estreinatuko duen Baserria lehiaketako partaideetako hiru. Guztira 20 lehiakide izango dira, 10 gizon eta 10 emakume, eta bikoteka lehiatuko dira, eskarmentu handiko baserritar bat eta kaletar peto-peto bat. Bikoteak elkarren aurka arituko dira baserriko lanak egiten onenak zeintzuk diren erabakitzeko. Saria 6.000 eurokoa izango da. Kristina Saralegi baserritarra eta Patxi Larretxea baso gizona izango dira epaileak. Reallity berri hau Klaudio Landak aurkeztuko du, eta urtarrilaren 10ean hasita, datozen igandeetan emitituko dute ETB-1ek eta eitb.eus webguneak 22:00etan.
Luis Ibarguren legazpiarra 58 urteko baserritarra da. Lakiola baserrian bizi da, baina herriko enpresa batean egiten du lan. Behiak ditu gustuko, eta aizkoran eta pilotan aritzea ere gustutzen zaio.
Joxe Etxezarrera segurarra ere baserritarra da, baina baserririk gabekoa. 33 urte ditu eta Idiazabalgo enpresa batean lan egiteaz gain, artzain lanak ere egiten ditu anaiarekin batera. Mendian korrika egiten du, Zegama-Aizkorri behin baino gehiagotan egindakoa da.
Xabier Orbegozo kaletarrak 21 urte ditu, eta Ordizian bizi da. Gizarte eta kirol animazioko goi mailako eta dietetikako goi mailako ikasketak egindakoa da, eta entrenatzaile pertsonala izateaz gain, sorosle gisa ere egiten du lan.
IRUDIAK: eitb.eus