Hotza eta izotza bazterretan, 'Filomenak' zer ekarriko zain
Goierri abisu horian dago muturreko tenperatura eta elur arriskuarengatik. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, bihar arratsaldetik aurrera elurra itsas mailaraino jaits daiteke. Hegoaldetik sartuko da borraska.
Urte hasiera hotza izaten ari da gurean. Hotza, eta elur giro nabarikoa. Eguberri ondorenetik zuri daude mendi gainak, eta Goierriko mendate eta herririk garaienetako bide bazterretan pilatuta jarraitzen du elurrak. Azken bi gauak oskarbi antzerakoak izan dira gainera, eta tenperatura nabarmen jaistea ekarri du horrek. Izotz handia bota du, eta termometroak zeropera jaitsi dira herri guztietan. Gaurko ere tankerako iragarpena egin du Euskalmet meteorologia agentziak, eta biharko elurra itsas mailaraino jaits daitekeela jakinarazi du. Filomena izena jarri diote elurtza ekar dezakeen borraskari. Bi egunotarako abisu horia eman du.
Zazpi dira Euskalmetek Goierrin dituen estazio meteorologikoak. Atzo goizean, tenperaturarik hotzena Zumarragako Aitzun neurtu zuen: 5,2 zeropetik. Matxinbetan eta Zaldibian hurrena ikus ondoko koadroa, eta segida honakoxea: Agauntzan, Ataunen, -3,3 (180 metroko altueran, 07:10ean); Zegaman, 3 zeropetik (520 metro, 07:20); Ordizian -2,6 (243 metro, 07:20); eta Eztandan, Beasainen, -2,2 (195 metro, 07:10ean).
Beheraino zuritu dezake
Izotz handia botako du gaur ere, eta zeropeko tenperaturak izango dira Goierrin. Baina arratsaldetik aurrera hodeitza sartuko da, tenperaturak zertxobait igoko dira, elurretarako giro aproposa jarriz. Araba aldetik sartuko da borraska Goierrira bihar bazkalondoan, eta iragarpenak betetzen badira, itsasertza bera ere zuritu dezake elurrak.