Txertoa Legazpira iritsi da
Gaur jarri diete COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia Santikutz Egoitzako egoiliarrei eta langileei. Eguneroko "gauza txikietara" itzultzeko lehen pausotzat hartu dute zentroan.
COVID-19aren aurkako txertoa jartzen ari den osasun langileen taldea Legazpiko Santikutz egoitzan egon da gaur goizean. Bertan bizi diren 68 egoiliarretatik 66 txertatu dira, eta 65 langileetatik 62 txertatuko dira, “ia guztiak”. Bigarren dosia otsailaren 1ean jarriko diete.
Cristina Uribetxeberria zuzendariak esan duenez, “Oso momentu garrantzitsua da, opari bat balitz bezala hartu dugu egoitzan txertoa”. Itxaropen handiz hartzen dutela erantsi du, “lehen pausoa da lehengo gauza txikiak berreskuratzeko eta egunerokotasunera itzultzeko”.
Arantxa Garmendia langileak, bestetik, elkartasuna aipatu du, “Guztiok solidarioak izan behar dugu eta txertatu”. Urduritasun puntu bat baduela onartu du, baina onerako izango denez, “aurrera” egin duela esan du. Gainera, aiton-amonei bizi kalitatea ekarriko diela ziur dago, eta horren ondorioz baita langileei ere. Izan ere, langileak oso nekatuta daudela esan du, ez kutsatzeko bete beharreko protokoloen eraginez lan gehiago egiten duelako, eta oso modu diferentean.
Egoiliarren artean, Blanca Palmero 86 urteko zumarragarrak txertoa “oso ondo” ikusten duela esan du, eta jarri nahi ote zuen galdetu ziotenean “oso argi” zuela baietz, “egoera honetatik ateratzeko balioko duelako”. Egoitzan berriz denok elkarrekin egotea eta ohiko jarduerak ekarriko dituela, uste du. Koronabirusak ekarri duena “gerra bat baino okerragoa” izan dela ere esan du.
Legazpiko txertaketa kanpaina amaituta, bihar Lazkaoko Txindoki Sanitas egoitzan izango direla aurreratu dute Goierrin egoitzaz egoitza txertoa jartzen ari diren osasun langileak.