«Erosoen sentitzen naizen estiloa aukeratu dut, musika elektronikoa»
Musika elektronikoak ordezkari bat du Legazpin: Odik. Izen artistiko horren atzean Oier Markotegi dago. Bere abestiak eta bideoak Youtube, Spotify eta ITunes-en daude.
Bideogintzarekin hasi zinen sorkuntzaren munduan, orain musikara egin duzu salto.
Bai, 14-bat urte nituela hasita, arreba Izaroren abestientzako bideoklipak egiten nituen. Baina hura alde batera utzi eta bakarlari gisa nire abestiak ateratzen hasi naiz duela gutxi, musika elektronikoarekin.
Odik da zure izen artistikoa.
Hala da, bai. Ez nuen nire izen propioa eraman nahi, eta asmatu egin nuen Odik, arlo pertsonala eta artistikoa bereiztuta. Izen motza da, ondo jotzen du belarrian, eta nire proiektuarekin oso ondo uztartzen da.
Nola hasi zinen?
Arrebarentzako bideoak grabatzen nituenean, neure buruaren autoproiekzioak ere egiten nituen, leku batera joan eta kamararekin neure burua grabatuta eta editatuta, eta irudiei musika eransita. Gero abesten ere hasi nintzen. Bideo haiek musika elektronikoa euskaraz egiten duen Carl Watermark musikariari erakutsi nizkion, eta nigan zerbait berezia ikusten zuela eta nirekin abestiren bat ateratzea probatu nahi zuela esan zidan.
Baiezkoa esango zenion, ezta?
Bai, eta bere estudioan sartu eta probak egiten hasi nintzen, arnasketa lantzen eta… Izan ere, ni ez naiz abeslaria, baina berarekin asko ikasi dut eta asko hobetu dut abesteko garaian.
Berak gidatzen du guztia, baina abestiak bion artean sortzen ditugu. Ni beti nago musika sortzeko prozesuan, eta soinu bat beste bat baino gehiago gustatzen zaidala, une batean bonboa sartu nahi dudala… horrelako gauzak esaten dizkiot. Tolosan egiten dugu lan, Rundown Music estudioan.
Abestien hitzak zureak dira.
Bai, nireak dira. Ordenadorea bere kontua da, letrak nirea. Dagoeneko hiru abesti ditugu eginda bion artean.
Nolatan musika elektronikoa? Musika mota hori ez dago oso hedatuta inguru hauetan.
Egia da hemen erromeria musika, rocka, metala eta horrelakoak gehiago entzuten dituztela gazteek, baina niri txikitatik gustatu izan zait musika elektronikoa, Hemendik At, Uga… 2000. hasieran asko entzuten ziren, eta ni beranduago jaioa banaiz ere, etxean asko entzun izan ditut talde horiek. Horregatik, musikaren munduan hasi nintzenean, eroso sentitzen nintzen estiloa aukeratu nuen, eta horixe, musika elektronikoa da.
Non entzun daiteke Odik?
Momentuz hiru abesti ditut, eta horien bertsio batzuk, 2019an zehar Arnastu eta Tximak kaleratu nituen, eta 2020an bi kantu horien bertsioak: Arnastu-ren remix-a eta Tximak-en trap bertsioa. Azkena, 2020aren amaieran Lotsaz gainezka atera dut. Bideo eta guzti dira abestiak, eta plataforma digitaletan daude entzungai eta ikusgai: You Tube, Spotify, I Tunes… Interneten nire izena sartuta, Odik, erraz aurkitzen dira. Eta irratietan ere jartzen dituzte.
Beste abesti bat ere badut grabatuta, eta maketa bat ere egin dut, baina horiek noiz atera ondo antolatu nahi dut.
Gustura zaude egiten ari zarenarekin?
Bai. Ezagutzen nautenek beti bideoak egiten ikusi naute, eta abeslari izatearena, etorri egin zaidan zerbait da, eta gustatzen zait. Bideoekin hasi, musika erantsi, abestiei hitzak jarri eta azkenean abestu… Sormenarekin lotuta dago guztia, eta gustuko dut. Ondo pasatzen dut gainera, eta horixe da nire proiektuaren helburu nagusia.
Etorkizunari begira, zein da zure asmoa?
Hau lanbide bihurtzea oso zaila da, baina hala ere ez dut baztertzen, eta horregatik Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezkoen gradua ikasten ari naiz, zerikusia duelako mundu honekin. Batez ere arlo tektnikoa lantzen duten ikasketak dira, kamera aurrean eta kamera atzean gaude denbora guztian, eta gustuko ditut. Sortzea eta prozesu horretan ondo pasatzen jarraitzea da nire asmo nagusia.