Beasain eremu gorritik ezin atera eta ostalaritzak bi hilabetez itxita darraio
Bihartik aurrera, eremu gorrian dauden herriak itxiko dituzte. 756 positiboko eragin tasa du Beasainek azken datuen arabera. Bi hilabetetik gora doaz tabernak itxita. Lazkao, aldiz, eremu gorritik atera da.
Beasaingo ostalaritzak bi hilabete pasatxo daramatza itxita Eusko Jaurlaritzak itxiera orokorra ezarri zuenetik, hiru eguneko salbuespenarekin. LABI batzordea gaur bilduko da berriz, baina astelehenean aurreratu zutenaren arabera, 100.000 biztanleko 500 positiboko intzidentzia tasa baino gehiago duten herrietan, ostalaritza ixteaz gain, itxialdi perimetrala ezarriko dute ostiraletik aurrera. Beasainek 756 kasu positiboko eragin tasa duenez, hori jaitsi bitartean ostalaritzak itxita jarraituko du eta beasaindarrek ezingo dute bertatik atera, ezta inguruko herrietakoek bertara joan ere.
Urriaren erdialdean positiboen kasuek gora egin zuten herrian, eta urriaren 26an baheketa masiboa egin zuten. Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an jarri zuen ostalaritza erabat ixteko dekretua, eta hilabete eta gutxira, abenduaren 12an, itxiera orokorra altxatu zuen. Beasainen, halere, intzidentzia altuagatik hiru egun beranduago itxi zuten, abenduaren 15ean.
Kafea saldu dezakete, baina jende gutxi dabilela diote tabernariek. Akelarre tabernako Felipe Agirrek egoera «larria» dela adierazi du: «Ezin dena da itxi eta lanik egiten ez uztea». COVID-19aren hedapenaren fokoa «gazte jendean eta tabernetan» jarri dela salatu du: «Baina ikusi dugu, bi hilabete daramatza itxita eta kasuek gora egin dute». Ostalariek diru laguntzak eskatu dituzte azken hilabeteotan itxierari aurre egin ahal izateko. Erakunde publikoen erantzunik, baina, ez dute jaso oraingoz: «Ez digute batere eman, zero, eta ez digute ezer esan».
Gabon jaiak
Leire Artola Beasaingo alkateak Gabon jaiak aipatu ditu ostalaritzaren itxieraren eta eragin tasaren harira: «Ostalaritza itxi zen baina egia da Gabon festak tarteko, herriko jendeak egin dituen irteerak edo bazkariak, beharbada horrek areagotu dituela azken egunetako positiboak».
Bestalde, hedapenaren aurkako neurriak betearazteko udaltzaingoaren presentzia handituko du udalak: «Modu pedagogiko batean jende bilkurak ikusten direnean babes neurriak betetzeko esateko», adierazi du.
Lazkao atera da
Beasain ez ezik, Lazkao ere egon da eremu gorrian azken egunetan. 2021. urtea hala hasi zuten lazkaotarrek: urtarrilaren 4an itxi zituzten bertako tabernak intzidentziak gora egin zuelako. Azken datuen arabera, halere, 408 positibokoa da intzidentzia tasa eta, hortaz, eremu gorritik atera da eta ostalaritza ireki dezakete. LABIk gaur erabakiko du neurri berriak hartuko dituen.