Beasain eta Zegama, itxita
Ostalaritza itxi eta herriko sarrera-irteerak mugatu beharko dituzte bi herri horietan. Gauerdian sartuko da indarrean araudi berria.
LABI aholku batzordeak astelehenean hartutako erabakiaren haritik, gaur argitaratu du Osasun Sailak herri mailako konfinamendua ezarri beharko duten udalerrien zerrenda. Euskal Autonomia Erkidegoko 20 udalerri itxiko dituzte, 8 Gipuzkoan, 9 Bizkaian eta 3 Araban, COVID-19aren pandemiaren bilakaera dela eta; horien artean daude Beasain eta Zegama.
Gaur egun 100.000 biztanleko 500 kasuko edo gehiagoko intzidentzia tasa duten udalerriak dira. Herri horiek bete beharko dituzten neurrien artean daude ostalaritzaren itxiera, herriko sarrera-irteerak mugatzea, eta taldekako kirola egiteko debekua. Neurri horiek, gauerditik aurrera sartuko dira indarrean. Gainerako herrietan eskola kirolarekin hasteko moduan daude.
Beasain da 5.000 biztanletik gorako herrien artean, 500eko inzidentzia tasa gainditzen duen herrietako bat. Une honetan, 741,74eko eragin tasa du Beasainek. Asteartera arte, Lazkao ere zerrenda horretan zegoen, baina atzo eragin tasa 500etik jaistea lortu zuten, eta gaur, 355,11ko tasarekin, libratu egin dira zerrenda horretan agertzetik.
5.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, Zegama izango da ostalaritza itxi eta herriko sarrera-irteerak mugatu beharko dituen bakarra. Zegaman 591,72eko tasa dute, eta astebetean bost kasu berri izan dituzte. Ezkio-Itsasok ere beteko lituzke bi baldintza nagusiak, 630,91ko tasarekin eta astebetean 4 positiborekin, baina Osasun Sailak ez du itxi beharreko herrien zerrendan sartu.
Zerain (1459,85) eta Olaberria (872,41) ere 500eko muga pasata daude, baina momentuz bina positibo izan dituzte aste honetan, eta beraz, mugaren barruan leudeke.
Astelehenero eta ostegunero, Osasun Sailak zerrenda bat argitaratuko du murrizketa berezi horiek jasango dituzten “eremu gorriko” udalerrien artean.