Campos Espainiako mendiko eski txapelketan arituko da
Igone Campos eskiatzaile zumarragarrak Boi Taull-en (Herrialde Katalanak) jokatuko den Espainiako mendiko eski txapelketan parte hartuko du, Euskadiko selekzioarekin. Selekzioko hautatzailea Igor Altzelai legazpiarra da.
Txapelketa bihar hasiko da eta igandean amaitu. Lau diziplina ezberdin izango dira jokoan: bihar errelebotako proba jokatuko da, ostiralean esprinta, larunbatean banakakoa eta igandean bertikala. Camposek azken proba honetan parte hartuko du.
Camposek mendi lasterketetan eta mendiko eski probetan parte hartzen du. Duela bost urte ekin zion mendiko lasterketetan lehiatzeari eta duela hiru mendiko eski probetan parte hartzeari.
2018tik euskal selekzioko kidea da eta Dynafit enpresaren babesa du. Iaz Espainiako mendiko eski selekzioarekin ere lehiatu zen.
Mendi lasterketei dagokienez, 2018an 240 kilometroko Pyrenees Stage Run lasterketa irabazi zuen. 2019an zazpigarren postua lortu zuen Mont Blanc-eko kilometro bertikalean.
Mendiko eskiari dagokionez, 2019an bigarrena izan zen Espainiako Kopan eta Espainiako kilometro bertikal txapelketan. Gainera, Euskadiko txapelduna izan zen bakarkakoan eta bertikalean. Iaz txapeldunordea izan zen Espainiako Kopan eta Euskadiko txapelketan. Gainera, Andorran jokatu zen Munduko Kopako proban parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin. Zumarragako Udalak urtero herriko kirolari onenak saritzen ditu eta sarituen artean egon zen.