Igor Gordobil, Beasaingo entrenatzaile berria
Entrenatzaile arrasatearrak denboraldi amaierara arteko hitzarmena sinatu du Beasain Kirol Elkartearekin, nahiz eta lotura luzatzeko aukera izango duen
Igor Gordobil Amuzarainek hartuko du Beasain K.E.ko lehen taldea gidatzeko ardura. Denboraldi amaiera arteko akordioa sinatu du, nahiz eta zuzendaritzak akordioa luzatzeko aukera dagoela azpimarratu duen. “Taldea suspertu eta bultzada berri bat ematea izango da arduradun berriaren eginkizun nagusia”, esan dute klubetik. Gordobilek, berriz, “umiltasunez eta ilusioz ekingo diola bide berriari” aipatu du.
Arrasatearrek ia 20 urteko esperientzia du entrenatzaile lanetan. Aretxabaletako UDAko gazteekin hasi zen lanean 2003. urtean eta gerora, Bergarako, Arrasateko eta UDAko lehen taldeak zuzendu ditu. 2009. urtean Aretxabaletako taldea hirugarren mailara igo zuen. Eibarrera jauzi egiteko balio izan zion horrek, jubeniletako taldea zuzentzeko. Elgoibarren ibili zen urrena. 2015. urtean Bigarren B mailako Leioarekin sinatu zuen eta bi denboraldi egin zituen bertan. Bigarren B mailako Vitorian beste bi denboraldi egin zituen segidan.