Lazkaon gaika biltzen diren hondakinen tasa %75etik igotzea da «erronka»
Udalak eta Sasieta Mankomunitateak deialdia luzatu diete herritarrei, erronka moduan, %75 birziklapen tasa gainditzeko ahalegina egin dezaten.
Hasi berri den urterako hondakin bilketan «erronka» bat jarri dio Lazkaoko Udalak herriari: gaika edo bereizita biltzen den hondakin kopuruaren tasa %75etik gora eramatea. Orain arteko emaitzak «onak» direla aitortu du udalak, atzo zabaldutako ohar batean, eta lazkaotarrak eskertu ditu Kepa Zubiarrain alkateak.
«Baina ez dugu horrekin konformatu behar. Hainbat erronka kolektibo ezarriko ditugu», gaineratu du alkateak. Hondakin bilketa bereizituari dagokiona da lehenengo erronka, gaikako bilketa «%75etik gora» handitzea, «gehiago eta hobeto bereiziz». Zibismoari eta garbitasunari dira loturikoak beste batzuk.
Hala, eta herriko zenbait zabor bilketa puntutan atzeman diren zikintasun arazoak saihesteko, lurrean zabor poltsarik ez uzteko ohartarazi du udalak. «Ordenantzan ezartzen duen moduan, hondakinak bereizi eta dagokion edukiontzian sartu behar dira».
Bestetik, altzari zaharrak eta etxe-tresna elektrikoak ateratzeko egutegia errespetatzeko eskatu dute: astearte gauetan, 21:00etatik aurrera. Garbiguneetara eraman behar dira bestela.
Iazko 11 hileko tasa, %75
Sasietaren datuen arabera, eta oraindik 2020ko abenduko bilketa kopuruak erantsi gabe, Lazkaon iazko urtean hondakinen %75 bereizita jaso zen (birziklatzeko edukiontzietan). Beste %25, zabortegira bideratu zen zuzenean, errefusaren ontzian.
Hilabeteka, gutxieneko tasa abuztuan erregistratu zen, gaika %72 bilduta.