Elur urtea, lan urtea hainbat baserritarrentzat
Legazpin baserri inguruetan bizi direnek ez diote beldurrik elurrari, udalak hainbat baserritarrekin duen akordio bati esker, bideak azkar batean garbitzen dituztelako. Brinkolan, Joakin Balerdiren lana da.
Urtarrilaren 2an lehenik eta aurreko asteburuan Filomena borraskaren eraginez gero, elur dezente egin du Goierrin, eta hainbat tokik zuriz estalita jarraitzen dute oraindik. Horietako bat Legazpiko Brinkola auzoa da, non 40 zentimetrotik gorako elur geruza izan duten. Bideak, ordea, garbi-garbi izan dituzte hasieratik, elurra kentzeko pala auzoan bertan dutelako, Ugarkalde baserrian.
Ugarkaldeko Joakin Balerdiren lana da Brinkolako baserri bideetako elurrak garbitzea, eta bera bezala, udalak kontratatuta, Telleriarteko Pastaindik behera eta Aztirian Tomas Ugarte ibiltzen da, Mantxola aldean Manolo Agirre, Hegialden Luis Ibarguren eta Elbarrenan, Nekalde elkarteko Eusebio Arando.
Udalarekin kontratua
Balerdik 2003an sinatu zuen kontratua udalarekin, Juan Ramon Larrañaga alkate zela, elurra egiten zuenean Brinkolako bideak garbitzeko. Goimenen bidez, Foru Aldundiak dirua eman zien orduan Goierriko udalei elurra kentzeko palak erosteko, eta Legazpikoak hala egin eta herriko auzoetan banatu zituen, auzo bakoitzean elurrak kentzeko lanak egiteko pertsona bat izendatuz eta harekin kontratu bat sinatuz. Traktoreduna izan behar zuen, eta Brinkolan Balerdik bazuen bat, Jabier Telleriarekin erdibana. Pala lotzeko, besoak jarri zizkioten traktoreari, udalak ordainduta.
Hasieran, Telleriarekin batera partekatzen zituen elurra kentzeko lanak Balerdik, baina hura 2011n hil zen eta orduz geroztik bakarrik dihardu, askotan Beñat semearen laguntza izaten badu ere. Aurretik, Erraizabalgo Juan Joxe Aranguren ibiltzen zen.
Guriditegik Pastainera
Guriditegitik Pastainera doan bideko elurrak kentzea, eta tarte horretako baserri bideak eta Barrendiolako araztegi ingurua garbitzea da Balerdiren eginkizuna. Brinkolako bide nagusian aldundiaren makina ibiltzen da. Udal teknikariek deituta egiten du gehienetan, baina bere kabuz ere irten izan da, bideak zurituta daudela ikusten duenean.
Aurten hirutan atera behar izan da eta baserri batzuetarako bideak pasaldi bakarrean ondo garbitu ezin, eta bigarren aldiz ere joan behar izan da horietara.
Auzotarrek eskertzen duten lana da Balerdik egiten duena, baina denen gustura egitea zaila dela aitortzen du. Batzuk, besteengana lehenago joaten delako kexu izaten dira, beste batzuk garajeko ate parean elur pila uzten duelako, edo kanpoan aparkatuta dauden kotxe kontra botatzen duelako… Baina horren guztiaren gainetik, bideak libre izatea asko estimatzen dute.
Hotza dela-eta ondo jantzita egin beharreko lana da, traktoreak ez duelako kabinarik, baita tentuz ibili beharrekoa ere, elurrak bide bazterrak desagerrazi egiten dituelako. Sustoren bat edo beste hartutakoa da horregatik, ezer larririk ez ordea.
Beste bi elurte
Urteko lehen elurrak urtzen doaz, eta Balerdik traktoreari pala kendu badio ere, ez du urrutira eraman, beste bi elurte gogor egingo dituela entzun du eta, bat otsailean eta beste bat martxoan. Lana izango du, beraz.