Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari dira Beasaingo sarrera-irteerak kontrolatzen
Gauerditik mugatuta dago Beasaindik eta Zegamatik atera eta herri horietara sartzea. Ertzaintzak autoak kontrolatzen ditu eta Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko udaltzainek, oinezkoak.
Beasainek eta Zegamak eremu gorrian jarraitzen dutenez, eta COVID-19aren hedapena saihesteko hartutako azken neurriak indarrean gauerdian sartu direnez, Beasain eta Zegama itxita daude. Justifikatutako arrazoiengatik ez bada, ezin da Beasaindik eta Zegamatik atera, eta ezin da Beasainera edo Zegamara joan. Herritarrek arau hori ondo betetzen dutela kontrolatzeko, elkarlanean, koordinatuta ari dira lanean Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udaltzaingoak eta Ertzaintza. Udaltzainak oinezkoen joan-etorriak kontrolatzen ari dira Beasaingo mugetan, eta ertzainak, autoena.
Mikel Zabala Lazkaoko Udaltzainburua Lazkao eta Beasain arteko mugan izan da goizean, bertatik pasatzen ziren herritarrek arau berria bete zezaten. Zabalaren esanetan, “Beasain eremu laranjan sartzen saiatu behar dugu denok”. Horretarako, beasaindarrak herritik ez ateratzea eta Beasainera kanpotik inor ez sartzea garrantzitsua da Lazkaoko udaltzainburuaren esanetan eta isunak jartzea baino, herritarrak kontzientzia lortu nahi dute koronabirusaren izurritean aurrera egiteko.
Zegamaren kasuan, ertzainak ari dira kontrol lanean.