Ostalariak, haserre
Luzatzen ari den egoeraren aurrean, haserre agertu dira Goierriko ostalariak, eta sektorea kriminalizatzeari uzteko eta konponbideak emateko eskatu dute beste behin. Beasainen eta Ordizian, elkartasun zozketak antolatu dituzte.
Gaur ere protesta egin dute Gipuzkoako ostalariek, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak direla eta, bizi duten egoera salatzeko.
Goierriko Ostalaritza Aurrera plataformakoak haserre agertu dira, sare sozialen bidez zabaldu dituzten mezuetan. “Aski da! Ostalaritza irekita dagoen herri askotan kasuak mantendu edo jaisten ari dira, eta aldiz, ostalaritza itxita dagoen herrietan kasuak gora eta gora”. Horrek argi uzten du, tabernarien ustez, ostalaritza ez dela erruduna, eta “sektore oso bat argumenturik gabe” kriminalizatzeari uzteko eskatu dute.
Horrez gain, egoera hau luzatzeak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute. “Zenbat tabernak itxiko dituzte ateak betiko? Pentsatzen jarri al da norbait? Itxita dauden tabernak, zer baldintzatan ari dira lanean?”. Martxotik zenbat gaueko taberna, hotel edota nekazal turismo dauden itxita galdetu dute. “Ostalaritza hiltzear dago, eta haiekin milaka familia miserian”. Hori dela eta, “erreskatea orain” behar dutela aldarrikatu dute.
Tabernarien aldeko zozketak Beasainen eta Ordizian
Beasaingo nahiz Ordiziako ostalariek, elkartasun zozketak antolatu dituzte, sektorearen alde dirua biltzeko. Beasainen gaur eguerdian bukatu dute errifen salmenta Plazape tabernan, eta Carrefourren kanpoaldean, 20:00ak arte izango dira. Zozketa berriz, bihar egingo dute.
Ordizian berriz, hasi berria dute zozketa. Saski oso bat zotz egingo dute, erosketa baleak, landetxe batean egonaldia, herriko dendetako produktu sortak eta jateko eta edateko beste hainbat oparirekin. 2 euroan salduko dituzte, herriko puntu ezberdinetan. Zozketa, otsailaren 26an egingo dute; ONCEren loteriaren azken lau zenbakiak dituen txartela izango da saritua.