Ampo Ordizia jokalari bat gutxiagorekin gailendu zaio Sevillako Cienciasi
Ampo Ordiziak 3-28 irabazi dio Sevillako Cienciasi, Cartujan. Neskek Seven Txapelketa jokatu dute Hernanin.
Etxetik kanpo garaipena lortzea garesti dago, baina baita lortu ere Ampo Ordizia errugbi taldeko mutilek. Ciencias Universidad Pablo de Olavide taldearen aurka neurtu zituzten indarrak igandean, Sevillan, eta ordiziarrak gailendu ziren 3-28ko emaitzarekin. Lander Gomezek txartel gorria ikusi eta 65 minutu jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten ordiziarrek. Marotiasen mutilek, etengabeko presioa egin zuten, joko geldoari etekin handiena ateraz eta aurrerapen laburrekin. Horri gehitu behar zaio, Valentin Cruzek ez zuela barkatu zigor kolpeetan.
Sevillan lortutako garaipenak, Ohorezko Mailako sailkapen nagusian seigarren postuan kokatzen du Ampo Ordizia, 23 punturekin, bosgarren dagoen Burgosko taldearekin, puntuetan berdinduta.
Datorren igandean, hilak 24, Barçaren aurka jokatuko du Ampok, Altamira zelaian, 12:00etan.
Ordizia Rugbiko neskek gozatu ederra hartu ahal izan dute asteburuan, Hernanin jokatu den Seven Txapelketan. Momentuz partidarik jokatu gabe zeuden, nahiz eta entrenatzen aritu diren hutsik egin gabe. Maddi Sola entrenatzailearen hitzetan «esperientzia oso positiboa» izan da asteburukoa. Gehitu du «jokalarientzat helburuak izatea oso garrantzitsua» dela, eta espero duela behintzat horrelako txapelketetan gehiagotan parte hartu ahal izatea. Bitartean lanean gogor jarraituko dutela dio.