Asteburuan 53 kasu agertu dira Goierrin eta Beasainek eremu gorrian jarraituko du
Osasun Sailaren arabera, Goierrin 53 positibo agertu dira ostiraletik igandera bitartean. Beasainek eremu gorrian jarraituko du. Zegama atera egin da itxitako herrien zerrendatik. Olaberriak berriz, kezkatzeko moduko datuak ditu.
Osasun Sailak 53 kasuren berri eman du gaurko txostenean. Horietatik 22 ostiralekoak dira, 17 larunbatekoak eta gainontzeko 14ak igandekoak. Beasainek eremu gorrian jarraitzen du, eta Zegama atera egin da itxialdian dauden herrien zerrendatik.
Kasurik gehien Beasainek ditu, 11 positibo berrirekin; pandemia hasi zenetik, mila kasuen muga (1.006) gainditu du Beasainek. Eragin tasak ere 500eko mugaren gainetik (634,76) jarraitzen du, eta herri mailako itxialdian jarraitu beharko dute, gutxienez, ostegunera arte.
Lazkaok eta Zumarragak 8na kasu izan dituzte, eta haien tasa 500era iritsi ez bada ere, igo egin da azken egunetan, eta eremu laranjan daude biak, 390,63 eta 407,29ko tasekin, hurrenez hurren. Legazpin (261,62) eta Urretxun (219,65) 5na positibo agertu dira, eta Ordizian 4 (198,61). Hiru herri horiek, eremu horian daude.
Herri txikien artean, Zaldibiak eman du daturik okerrena, 5 kasu berri agertu baitira azken egunetan. Eragin tasa 482,51koa da, eta momentuz arrisku eremu gorrira pasa ez badira ere, muga-mugan daude. Olaberriaren kasua ere aipatzeko modukoa da; 4 kasu berrirekin, 981,46ko eragin tasa baitute. Itsasondok, Ormaiztegik eta Segurak, positibo berri bana dituzte.
Iazko martxoan osasun krisia hasi zenetik, Goierrin 4.660 COVID-19 positibo kasu izan dira.
Eragin tasa eta eremuak
Zegaman ere eragin tasa 525,97ekoa da oraindik, baina astebetean ez dute kasu berririk izan, eta horrenbestez, atera egin da itxitako herrien zerrendatik. Olaberriak ere beteko lituzke itxierarako baldintza nagusiak, 981,46ko tasa eta astebetean 4 kasurekin, baina ez dute zerrendan sartu. Itsasondok 549,45ko tasa du une honetan. Zerainek ere 729,93ko tasa du, baina egun dezente baitaramatzate positibo berririk gabe.
01/15 | 01/16 | 01/17 | DENERA | |
Altzaga | 0 | 0 | 0 | 4 |
Arama | 0 | 0 | 0 | 18 |
Ataun | 0 | 0 | 0 | 107 |
Beasain | 7 | 4 | 0 | 1006 (+11) |
Ezkio eta Itsaso | 0 | 0 | 0 | 18 |
Gabiria | 0 | 0 | 0 | 10 |
Gaintza | 0 | 0 | 0 | 9 |
Idiazabal | 0 | 0 | 0 | 82 |
Itsasondo | 0 | 1 | 0 | 32 (+1) |
Lazkao | 4 | 4 | 0 | 268 (+8) |
Legazpi | 2 | 2 | 1 | 381 (+5) |
Legorreta | 0 | 0 | 0 | 97 |
Mutiloa | 0 | 0 | 0 | 7 |
Olaberria | 1 | 2 | 1 | 46 (+4) |
Ordizia | 1 | 1 | 2 | 895 (+4) |
Ormaiztegi | 0 | 0 | 1 | 59 (+1) |
Segura | 0 | 0 | 1 | 92 (+1) |
Urretxu | 3 | 1 | 1 | 325 (+5) |
Zaldibia | 3 | 0 | 2 | 125 (+5) |
Zegama | 0 | 0 | 0 | 102 |
Zerain | 0 | 0 | 0 | 7 |
Zumarraga | 1 | 2 | 5 | 559 (+8) |
GOIERRI | 22 | 17 | 14 | 4.660 (+53) |