Beasaingoak ez diren Antzizargo bazkideek behin behineko baja eskatu dezakete
Kirola egitea ez da Beasainera sartzeko salbuetsitako arrazoietako bat. Ondorioz, itxialdi perimetralak indarrean dirauen bitartean kuotak ez pasatzeko eskatu dezakete kanpoko erabiltzaileek
Beasaindik kanpoko Antzizar kiroldegiko abonatuek behin behineko baja eskatu dezakete, itxialdi perimetrala amaitu arte. Izan ere, kiroldegira kirola egitera joatea ez da Beasainera sartzeko justifikatutako arrazoietako bat.
Baja eskatzeko hiru bide daude: telefonoz (943-887900), online eta posta elektronikoz (info@antzizar.net). Urtarrilean egindako kuotaren kobrua konpentsatuko da, baja iraupenaren arabera hamabostaldika. Egoera hau dagoen bitartean ez da kobrurik sortuko eta udalerriaren perimetroa zabaltzen den unetik automatikoki altan ipiniko dira abonatuak.
Beasaindarrek, berriz, arazorik gabe erabili dezakete kiroldegia, orain arteko baldintzekin. Aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan ere egin daiteke kirola. Talde amateurren entrenamenduak eta lehiaketak ere debekatuta daude. Ez, ordea, profesional eta erdi-profesionalenak. Programatutako ikastaroei ere eusten zaie.
Kiroldegi osoan, uretan izan ezik, une oro musukoa jantzita eraman behar da. Gimnasioko gune osoan ere maskara erabili behar dela azpimarratu dute arduradunek.